Lan gatazka

Gehiengo sindikala bazterrean utzita, CCOO eta SATSErekin sinatu du hitzarmena Osakidetzak

Proposamena atzera bota duten ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek langileen %60 ordezkatzen dituzte. Osakidetzaren eskaintzak langileen arteko bereizketa indartzen duela eta ez diela osasun sare publikoaren beharrei erantzuten iritzi diote. Korporatibismoz jokatzea leporatu diete sindikatu horiek medikuen eta erizainen elkarteei.

2008ko martxoaren 14a
18:18
Entzun
ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek ez dute onartu Osakidetzako zuzendaritzak egindako azken eskaintza. Izan ere, langileen arteko bereizketa indartzen duela eta osasun sare publikoaren beharrei ez diola erantzuten uste dute. Zehazki, Osakidetzak aurreikusi eta eskainitako langile kopuruaren handitzea eta lan eskaintza publikoa ez direla behar bestekoak azpimarratu dute.

Lau sindikatu horiek langileen %60 inguru ordezkatzen dituzte, beraz, Osakidetzak ez du lortu gehiengo sindikalarekin ados jartzea.

Aldiz, CCOOrekin, SATSE erizainen sindikatuarekin, UTESE osasun teknikarien sindikatuarekin eta SAE erizain laguntzaileen sindikatuarekin akordioa lortu dute, lehenago Medikuen Sindikatuarekin egin zuen bezala. Funtsean, Osakidetzaren eskaintza onartu dute hiru sindikatu horiek. Korporatibismoz jokatzea egotzi diete gainerako sindikatuek medikuen eta erizainen elkarteari, eta langile guztien borrokaz baliatzea beren egoera hobetzeko.

Dena den, gaurko bileraren aurretik hasiak ziren sindikatuak bata besteengadik urruntzen: CCOOk eta SATSEk ez zuten martxoaren 6ko greba egunarekin bat egin, "negoziazioa errazteko". Medikuen Sindikatua, berriz, iaz jarri zen ados Osakidetzarekin eta lan hitzarmena sinatu zuen.

ELAk, LABek, UGTk eta ESK-k ez dute zehaztu aurrerantzean mobilizazio gehiago egingo dituzten; estrategia datozen egunetan zehaztuko dutela agertu dute.

Gaur hamabigarrenez bildu da Osakidetzako mahai sektoriala, lan hitzarmenaren inguruko gatazka konpondu asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.