Frantziako Hezkuntza Ministerioak irakaskuntza publikoan egin dituen eta egin nahi dituen irakasle postu murrizketak ikusita, Ikas-Bi eskola publiko elebidunetako gurasoen elkarteak adierazi du irakasleak esleitzeko metodoa eta hizkuntza politika garatzeko metodologia hondoa jota daudela. Akademiaren inposizioari men egitea leporatu dio EEPri. Azken urteotan gela elebidunak irekitzeko zailtasunak emendatu direla azaldu du Ikas-Bik; egoera hori iraultzeko, zuzenean gurasoengana jotzea deliberatu du, eskari elebiduna suspertzeko.
Ohar zorrotza egin dioIkas-Bik Max Brisson EEPko presidente ohiari. «67 ama eskola elebidunen artean 48 ez dira ireki EEPren lan zuzenari esker, baizik eta guraso elkarteen lanari esker», erran du Thierri Delobel Ikas-Biko presidenteak. 2005etik 30 gela elebidun ireki duela dio EEPk, baina Delobelen iritziz, 19 baino ez dira gauzatu EEPren lanari esker.
Familietan euskararen transmisioa eten delarik, eskolaren eginkizuna funtsezkoa dela dio Ikas-Bik. Horretarako, ordutegietan euskararen erabilera indartu behar dela dio, parekotasunaren irizpidea gaindituz. Gaur egun, bi ama eskolatan baino ez dago eredu indartua.
Lehen mailetan zailtasunak daudela eta eskola publikoko bigarren mailan kopuruak etsigarriak direla nabarmendu du Ikas-Bik. Eta EEPk bigarren maila indartu behar duela erran du.
Gela elebidunak irekitzeko zuzenean gurasoengana joko duela dio Ikas-Bik
Akademia Ikuskaritzak ezarritako zedarriak onartzea leporatu dio Ikas-Bik EEPri, hondoa jo duela gaineratuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu