Azken urteetako geldialdiari buelta ematen hasi da D eredua Nafarroan, eta igoera handia izan du aurtengo aurrematrikulazioan. %10 handitu da izena eman duten ikasleen kopurua, iazko datuekin alderatuz gero. Azken urteetan ahuldua zen euskarazko irakasteko ereduaren hazkundea; iaz, kasu, jaitsi egin zen zerbait. Behin-behinekoak dira aurtengo datuak, herenegun iluntzean itxi baitzen izena emateko aukera. Datu zehatz-zehatzen faltan balorazio positiboa egin dute eragileek. Haien arabera, igoerak argi utzi du Nafarroako gizarteak D ereduaren alde egin duela apustu; horregatik, gogoeta egiteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
Iruñeko gobernuak TIL eredua —ingelesa sustatzen du— indartzearekin batera, D ereduak geldialdia jasan du azken ikasturteetan. 2009-10eko ikasturterako matrikulan igo zen, baina apalago, %3 inguruan; aurtengo ikasturtean, ordea, aurrekoan baino %2,2 ikasle gutxiago ari dira euskarazko ereduan ikasten. TIL ereduan ikasteko erraztasun handiagoei eta Nafarroako Gobernuak D ereduaren aurkako jarrera hartzeari egotzi izan diote euskarazko irakasteko ereduaren geldialdia.
Iazko datu kezkagarriak irauli dituzte aurtengo datuek, nahiz oraindik behin-behinekoak izan. Ikastetxe publikoetan eta ikastoletan, bietan areagotu dira euskaraz ikasteko eskariak. Eskola publikoetan, 1.400 ikasle inguruk eman dute izena lehen aldikoz; iaz, 1.276 izan ziren. Kontuan izatekoa da eremu ez euskalduneko eskola publikoek ez dutela eskaintzen euskarazko eredua. «Horietan ez dute D eredu publikoan matrikulatzerik, horrek dakarren eskubide murriztearekin», gogorarazi du Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak. Ikastoletan, 538 ikaslek eman dute izena; 486 izan ziren iaz. Guztiek, ordea, ezin izango dute ikastoletan ikasi, Iruñean itunpeko hiru ikastoletan ez baita lekurik izango denentzat.40 ume ingururen kasua izango da hori. Aurreko urteetan ere gertatu izan da hori ikastoletan.
D ereduan ikasteko eragozpenak kontuan izanda, matrikulazioak haztea pozgarri zaio Sortzen-Ikasbatuaz taldeari. «Argi geratu da nafar jendarteak D ereduaren alde egiten duen apustu garbia, benetako eredu eleaniztunaren aldeko hautua». Bide beretik hitz egin du NaBaik, EAko parlamentari Maria Luisa Mangadoren ahoz: «Nafarrek erakutsi dute euskaraz ikastearen aldeko borondatea». Kontseiluak adierazi du euskalgintzako taldeek elkarlanean egindako lanaren fruitua dela datua. NaBaik eta Sortzen-Ikasbatuaz-ek gogoeta egiteko eskatu diote Iruñeko gobernuari.
Geldialdia iraulita, %10 hazi da Nafarroan D ereduko aurrematrikulazio kopurua
Behin-behineko datuen balantze ona egin dute eragileek; igoera handia aztertzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu