Bilbo
Aldiriko trenak, AHTa, FEVE Espainiako Trenbideen Enpresa Publikoarenak eta autobus geltokia Abandora eramateko asmoa du Bilboko Udalak, baina, Iñaki Azkuna alkateak martxoaren 5ean esan zuenaren arabera, ez daude «geltoki intermodala bezain lan garrantzitsua egiteko egoeran». 2010eko urtarrilaren 15ean aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak egitasmoa, orduan agintean PSOE zegoela. Espainiako Gobernua da egungo geltokiaren lurzoruaren jabea eta trenbideen kudeaketan eskumena duena. Beraz, hari dagokio geltokia finantzatzea.
Proiektua baino ez dago oraingoz. Lanak ez dira hasi, eta egitasmoaren aurkezpenean ez zen eperik jarri. Halere, AHTa Bilbon sartzeko epeari (2016. urtea) eutsi zion Azkunak joan den martxoan, nahiz eta, horretarako, AHTa egungo geltokian sartu behar izan. Horretarako, burdinbidea aldatu beharko lukete.
Iruñea
AHTa Iruñean sartzeko geltokia Etxabakoitzen egiteko asmoa du udalak. Ez geltokia bakarrik; 9.000 etxe egin nahi dituzte auzoan, geltokiaren lanen barruan. Plan hori arriskutsutzat jo zuen martxoan Nafarroako Kontu Ganberak, etxebizitzen proiektuak 297 milioi euroko aurrekontua duelako eta etxebizitzen salmenta motelduta dagoelako. Ehunka auzokidek egitasmoaren aurkako protesta egin zuten apirilaren 2an, uste baitute udalak ez duela dirurik eman auzoa biziberritzeko eta etxebizitzak eraikitzeko asmoa «espekulazioa» dela.
Bestalde, geltokiaren proiektua «berriz aztertu eta benetako beharretara egokitu» behar dela adierazi zuen martxoaren 1ean Anai Astiz Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariak. Areago, gaur zortzi parlamentuan eginiko agerraldian, Astizek esan zuen ezin dela baztertu proiektuaren UESP Udalaz gaineko Eragineko Sektore Plana bertan behera utzi eta beste bat egitea. Abiadura Handia-Iruñerria partzuergoak ostiralean egin zuen aurreneko bilera, eta ebatzi zuen proiektua «gaur egungo testuinguru ekonomikoan» aztertu beharra dagoela.
Etxabakoitzeko egitasmoaren aurka ari da lanean Sustrai Fundazioa. Iruñeko Udalak aurkeztutako UESPan «formazko akats larriak» antzeman dituzte. «Biztanle kaltetuek edo interesatuek ezin izan dute haien informaziorako eta parte hartzeko eskubidea gauzatu», kritikatu du fundazioko presidente Martin Zelaiak. Ez da hori proiektuan nabaritu duten eragozpen bakarra; Zelaiak uste du UESPak zarataren gaineko legeria ez duela betetzen eta bibrazio, argi kutsadura, ur saneamendu, hornidura eta uholde arazoak sortuko dituela.
Geltokiak auzoan eragingo duen «aldaketa bortitzaz» ohartarazi du Sustraiko presidenteak: «Bertako biztanleen parte hartzerik gabe garatu eta inposatu zaien proiektu bat da, horregatik arbuiatu dute. Bertako inork ez du desiratzen 160 etxebizitza desjabetu, hustu eta botatzea». Etxabakoitzen beharrei erantzun beharrean udalaren proiektua geltokiaren neurrira baino ez dagoela egina gaineratu du Zelaiak.
Proiektua berriz aztertzearen alde Astiz kontseilariak eginiko adierazpenekin bat dator Zelaia, «baina ez ekintzekin, eta horiek balio dute». UESPa eta AHTa «justifikaezinak eta bideraezinak» iruditzen zaizkio, krisi ekonomikoan egon edo ez: «Estatuko AHTak eta haren mamu geltokien errealitateak hori baieztatzeko sobera argudio ematen dizkigu. Anai Astizek egungo proiektua dugun errealitatera egokitu nahi badu, uko egin diezaiola». Zelaiak «bi korronteren artean harrapatuta» ikusten du Astiz: «Hazkunde amaigabearen ilusioa eta arlo publikoaren kudeaketa desarrollista baten inertzia» dauka alde batean; egungo egoera ekonomikoaren hobekuntza itxaropen «eskasa» du bestean: «Horrela, batzuetan zentzuzkoak izan nahi duten adierazpenak egiten ditu, eta, bestetan, inertziak bultzaturikoak. Ez dugu uste haren adierazpen zentzudunek ekintzetan islarik izanen dutenik, ez oraingoz».
Gasteiz
Arabako hiriburuan ere soka luzea dakar geltokien inguruko eztabaidak. Kokapenak eta garraiobide ugarik bat egitearen irizpideak zalaparta sortu du alderdi politikoen artean eta ezinegona herritarren artean. Autobus geltokia Arriaga parkean ezartzeko asmoa zuen aurreko alkate Patxi Lazkozek (PSE-EE), EAJren babesarekin. Ugariak izan ziren protestak, egitasmoak parkea txikituko zuelakoan. Javier Maroto egungo alkateak (PP), ordea, autobus geltokia Euskaltzaindia plazan egiteko asmoa azaldu zuen, Bilduren babesarekin. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eutsi egin die geltokia eraikitzeko laguntzei: 2012an, 500.000 euro; 2013an, 7 milioi euro; eta 2014an, 6,5 milioi euro.
Tren geltokia Arriaga parkearen beste hegal batean egitekoak dira, eta proiektuan ez dute leku aldaketarik egin. Trenak —AHTa eta gainontzekoak geldituko dira bertan—lur azpitik igarotzea aurreikusten du proiektuak, baina aukera hori auzitan jarri berri du Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkari Antonio Saenz de Santamariak. Haren izendapen ekitaldian, apirilaren 12an, adierazi zuen trenbidea lurperatzeko egitasmoak «errealitate ekonomikoarekin topo» egin dezakeela eta asmo hori egia bihurtzeko aukera arriskuan dagoela. Edonola ere, Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorrek apirilaren 24an ziurtatu zuen egitasmoa babestuko duela Madrilek, baina ez zuen zehaztu diruz zenbateraino lagunduko duen. Konpromiso bat hartu zuen: 2013an hastea trena lurperatzeko lanak.
Horrez gain, autobus geltokia Euskaltzaindia plazan kokatuz gero intermodalitatearen irizpidea betetzen ez delakoan, kexu dira Euskaltzaindia Plaza Bizia plataformako kideak. 400 metro inguru leudeke balizko autobus eta tren geltokien artean.
Unai Fernandez de Betoño, arkitekto doktorea eta EHUko irakaslea, Gasteizko geltoki intermodala Dato kalean ezartzearen aldekoa da; ez Arriagan, ezta Euskaltzaindia plazan ere: «Intermodalitatea laukoitza litzateke: ohiko trena, abiadura handikoa, autobusak eta tranbia». Kokapen hori lehenetsi zuen Jaurlaritzak 2001eko Trenbideen Lurralde Plan Sektorialean, «hura 2005ean aldatu zuen arte», oroitarazi du Fernandez de Betoñok. Haren ustez, tren geltokia Euskaltzaindia edo Arriaga plazetara lekualdatzeko arrazoia ez da teknikoa, ekonomikoa baizik: «Adifek eta Gasteizko Udalak 1.450 etxebizitza eta erabilera tertziarioko 68.000 m
Donostia
Udal gobernua alde batera, eta oposizioa bestera. Horrela dabiltza Donostian: bi proiekturen bueltan. Geltoki intermodala Atotxan eraikitzeko pausoak ematen hasia zen Odon Elorza Donostiako alkate ohia, baina gobernura iritsi eta geltokia Loiolako Erriberan egiteko proiektua berreskuratu zuen Bilduk. Maiatzean aukeratuko dute osoko bilkuran proiektu baten eta bestearen artean.
Mugikortasunean trebatutakoa da Ander Gortazar arkitekto donostiarra. Bi proiektuak aztertu ditu, besteak beste intermodalitatea eta herritarren beharrak aintzat hartuta: «Printzipioz, Erriberan aukera dago Gipuzkoako bi korridore nagusiak lotzeko [kostakoa eta Oria arrokoa], modu errazean, tren, autobus eta ibilgailu pribatu bidez. Horretarako, noski, Euskotren eta Renferen geltokiak lotu behar dira, ahalik eta azkarren».
Geltokia Loiolako Erriberan ezarrita AHTa ezin dela bertan sartu eta intermodalitaterik ez legokeela iritzi diote Donostiako PSE-EEk, PPk eta EAJk. Gortazarrek bestela ulertzen du intermodalitatea: «Suitzan abiadura handiko trenak aireportuetan ere gelditzen dira. AHTa Erriberan gelditzea ezinezkoa dela argudiatzen dute Atotxaren aldekoek, baina galdera da: distantzia ertain-handiko autobusez Donostiara etorri denak hartuko al du, segidan, abiadura handiko tren bat?». Aldiz, «logikoa» iritzi dio distantzia ertain-luzeko bidaia egin eta gero gertuko garraio sarea erabili behar izatea: «Hor Euskotrenek ezinbesteko garrantzia du».
Kokaleku batek eta besteak hirian eragin dezaketen zirkulazioa ere eztabaidagai bihurtu da. Bi egitasmoen aldeko eta kontrako argudioak ditu mintzagai Gortazarrek: «Atotxa erdigunean dagoela diote haren aldekoek, baina horrek esan nahi du autobusek kale gehiago zeharkatu beharko dituztela bertara iristeko, zirkulazioan gehiago eragingo duela, alegia. Hiriaren zentro historikoari erdigune deitzea ere oso eztabaidagarria da, gainera. Erribera erdigune historikotik apur bat urrunago dago, baina autobide sarrera ondoan du». Zein argudiori ematen zaion garrantzia, «hor dago gakoa», dio Gortazarrek.