«Erdiko epera, nafar guztiek etxebizitza duina eta prezio egokian eskuratzeko duten eskubidea bermatuko dugu», erran zuen kontseilariak. Burgueteren eta Nafarroako Gobernuko alderdien pozak ez du islarik izan, ordea, oposizioko taldeen artean. Nafarroak ez duela Gendulain behar erran dute. CDNren politika, akaso, ausartegia dela, alegia.
Nafarroako Gobernuak 2005ean antolatu zuen lurrak erosteko lehiaketa publikoa, eta, haren eskutik, duela urtebete erabaki zuen Sustatzaileen eta Eraikitzaileen Elkarteko hainbat kidek eskaini zizkioten lurrak erostea: denera, 3,2 milioi metro koadro. Lur horien zati nagusia Zizur zendean dago; eta zati txiki bat, berriz, Galarren. Eraikitzaileek eta sustatzaileek jabeei erosi zizkieten lurrak; Gendulaingo kondearen oinordekoei, alegia. Izan ere, bost milioi metro koadrotik goitiko eremu hutsa du familia horrek. Eremu horren zati bat geratu da Gobernuaren esku.
ZUHURTZIA. Gobernuak esku artean duen proiektua gauzatzen bada, herrialdeko bigarren hiri bilakatuko litzateke Gendulain; Tutera baino handiagoa. Hori dela eta, zuhurtzia eskatu dute PSNk, IUN-NEBk eta Aralarrek. Kezkarekin bat egin du EAk.
Oposizioak Gobernuari eskatu dio Gendulaingo proiektua baztertzeko eta haren inguruko erabakirik ez hartzeko. Haren ustez, maiatzeko hauteskundeen ondotik sortuko den Nafarroako gobernu berriak erabaki beharko luke Iruñerria garatzeko zer-nolako urratsak egin behar diren. Urrats horiek «irizpide garbien» arabera egin beharko liratekeela gaineratu dute: batetik, kontuan hartuta Iruñerriko hainbat herritan etxebizitza berriak egiteko dauden proiektuak; eta, bestetik, plangintza orekatua eginez.
PSNko parlamentario Fernando Purasek «kudeaketa publikoa» eskatu du. IUN-NEBko ordezkariek, etxebizitza politika berria. «Galsoro bat Nafarroako bigarren hiri bilakatzeak arlo guztietan izanen ditu ondorioak», erran du Ion Erro koordinatzaile nagusiak.
Larritzat jo du Gendulaingo proiektua Aralarreko Txentxo Jimenezek, bestalde. «Burguete izanen da Nafarroako historian lurraldea gutxien antolatu duen kontseilaria; kontrakoa egin du».
EAk Gendulainen izanen diren zerbitzuekin du kezka. «19.000 etxebizitza eraikiko dituztela diote, baina deus ere ez han biziko direnentzat izanen diren zerbitzuei buruz».
Kritika guztiak gorabehera, bereari eutsi dio Gobernuak. «Ziur gaude Nafarroako herritar gehienek bat egiten dutela proiektuarekin», azpimarratu du Alberto Catalan bozeramaileak.
ALKATEAK, KONTRA. Alderdien kritikak ez dira Gobernuak entzun behar izan dituen bakarrak. Iruñerrian hemezortzi herrik egiten dute bat Lurzoruaren Mahaian. Haietako zazpik mahai gainean jarri dute datu bat: mahaian dauden herrien planen arabera, 72.700 etxebizitza daude aurreikusita, Gendulain kontuan hartu gabe. Arangurenek, Zizur zendeak, Oltzak, Galarrek, Uhartek eta Berriobeitik egin dute Gendulaingo proiektuaren kontra.
Zizur zendeako Udalari eragiten dio Gendulaingo proiektuak, batez ere.
Enrique Miranda Zizur zendeako Udaleko zinegotzia
«Proiektu hau astakeria da»
e.e.
Iruñea
Hiru taldek osatzen dute Zizur zendeako Udala: alkatetza bere esku duen Zizur Zendea Talde Independentea, Erreniega eta Zendea Berria. Gendulainen kontra ados jarri dira. Erreniegako zinegotzi Enrique Miranda mintzatu zaigu.
Zizur zendeako Udala Gendulaingo proiektuaren kontra agertu da. Zergatik?
Zizur zendearen gisako udalerri batean Gendulainen moduko hiri bat sartu nahi izatea astakeria galanta da. 2.000 biztanle ditu Zizur zendeak. Gendulainek udalerriko egoera soziala eta ekonomikoa hankaz gora jarriko luke. Halako proiektu bat, gainera, ez da bideragarria; halako beste proiektuetan gertatu dena gertatuko litzateke.
Zer?
Barañain edo Burlata aipa ditzakegu. Asko hazi ziren, etxebizitzen eta ekonomiaren hazkundearen arteko oreka kontuan hartu gabe, eta, azkenean, dirurik gabe gelditu ziren. Guk ez dugu gauza bera gertatzea nahi. Badago horien gisako beste esperientziarik: Mendillorri. Ez zen bideragarria, eta, azkenean, Iruñeko Udalak hartu behar izan zuen bere gain.
Gobernuak mahai gainean jarri duen proiektua ez da zuek Zizur zendearentzat buruan zenutena, ezta?
Asmoa ez zen, inondik inora, Gendulaingo proiektuaren gisako deus egitea. Gainera, hainbat irregulartasun gertatu dira.
Zer irregulartasun?
Batetik, erosketa kontratazio mahaia osatu gabe egin du Gobernuak. Gainera, dirutan ordaindu beharrean, enpresen esku utzi ditu eraikitzeko eskubideak. Gendulainen eraikiko diren etxebizitzen% 20 baino ez ditu Gobernuak eginen. Beste hainbat kontu dago. Jabeek, batetik, beren lurrak bitan zatitu dituzte eraikitzaileei saltzeko, baina hori egiteko baimenik ez zien eman Udalak.
Auzitara jo duzue, ezta?
Bai, batetik Erreniega taldeak, eta, bestetik, Zizur zendeako Udalak; beste hainbat auzitan, halaber, Udaleko oposizioko taldeak gaude, gu eta Zendea Berria taldea. Lurra erosteko lehiaketaren kontrako helegiteak aurkeztu ditugu, batetik; bestetik, lehiaketaren beraren emaitzaren kontrakoak, eta, hirugarrenik, ideien lehiaketaren deialdiaren kontra.
Proiektuak aurrera eginen du?
Kontua da proiektuaren plana hiru urteren buruan egiteko baldintza ezarri zutela enpresa eraikitzaileek, eta, hala gertatuz gero, eraikitzeko beren eskubideak behin betiko bilakatuko dira. Horregatik uste dugu mugimendu arraroak gertatzen ari direla.
Zer-nolako mugimenduak?
Lurzoruaren Mahaian dauden udalek hasieratik erran dute Gendulainen gisako proiektua ez dela behar, Iruñerrian dauden beste proiektuek behar adina etxebizitza bermatzen dutela. Ezustean, Eguesibarrek bertan behera utzi du 15.000 etxebizitza egiteko plana. Uste dut UPNk eta CDNk udalen argudio hori hutsean utzi nahi dutela, Gendulaingoproiektua justifikatzeko.
«Sustatzaileek eta eraikitzaileek negozio itzela egin dute»
Ustelkeriaren kontralan egiten duen Kontuz! elkarteak irregulartasunak salatu ditu Gendulainen
E.E.
Iruñea
Ustelkeriaren kontrako erabiltzaileen, kontsumitzaileen eta zergadunen elkartea da Kontuz!, eta Gendulaingo proiektuaren aurkako lanari ekin dio, buru-belarri. Lurren salerosketan hainbat irregulartasun gertatu dela azpimarratu du elkarteko presidente Jose Ramon Urtasunek, eta operazioak enpresa eraikitzaileei eta sustatzaileei egin diela mesede, batez ere. «Negozio itzela egin dute».
Negozioa, hori da kontua, Urtasunen hitzetan. Ez, ordea, beharra. «Ez da gizarte arazo bat, ez da etxebizitza arazo bat; ez dago beharrik».
Gobernuak logikak eskatzen duena ere ez duela bete gaineratu du Urtasunek: «Lurra zuzenean eskuratu beharrean, sustatzaileei eta eraikitzaileei erosi die: eta horrek, noski, garestitu du lurraren prezioa».
IRREGULARTASUNAK. Lurra garestitzeaz gain, prozeduran hamaika irregulartasun izan direla nabarmendu du Kontuz! elkarteko buruak. Irregulartasunak izan dira, batetik, Gobernuak lurzoruaren lehiaketa publikoa antolatu zuenean, kontratazio mahaia ez zuelako osatu. «Eta, berez, mahai horrek aztertu behar zituen jasotako eskaintzak».
Prozedurak, bestetik, Zizur zendeako Udalari egin dio kalte, Urtasunek erran duenez. «Sustatzaileek erositakoak landa lurrak balira ordaindu diete jabeei, Gendulaingo kondearen oinordekoei; argi dago, ordea, eraikitzeko erosi dituztela. Eraikitzeko lurrak balira bezala salduz gero, ordea, jabeek hamabi milioi euro ordaindu behar zizkioten Zizur zendeako Udalari, gainbalioaren zergagatik».
Oinordekoek egin dituzten urratsetan kontu ilun gehiago sumatu dute Kontuz! elkartekoek. «Oinordekoek beren lurrak bitan zatitu dituzte, hori beharrezkoa baita saldu ahal izateko. Udalak, ordea, ez die hori egiteko baimenik eman, lur horietan, besteak beste, eremu komunalak badirelako. Done Jakue bidea pasatzen da hortik».
Udalak baimena eman ez arren, notario batek ontzat jo du lurren zatiketa, Urtasunen hitzetan. «Eta beste batek, ontzat jo du sustatzaileek Gobernuari egindako lurren salmenta».
Irregulartasun gehiago. Horixe dio Urtasunek. Izan ere, dirutan ordaindu beharrean, Gobernuak eraikitzeko eskubideak eman dizkie sustatzaileei Gendulainen. «Hori ezin da egin, ez baita prezio zehatzik ezartzen». Urtasunek gaineratu du Gobernua presaka ari dela afera horretan. «Duela bost hilabetera arte, Gendulain izatekotan etorkizuneko beharrak asetzeko proiektua zen; orain, bost urte barru jendea han biziko dela dio Gobernuak. Herritarren beharrei so egin ordez, eraikitzaileen eta sustatzaileen interesen alde egitea da Gobernuaren ardura».
«Hiri sakabanatua eta zatikatua da Iruñea»
Hiri eredu bakarraz mintzatzea zaila dela dio Andoni Iso soziologoak. Hiri baten eraikuntzan parte hartzen duen eragile orok, eta bertan bizi direnek, denek islatzen dutelako hiri eredu propio bat. Horregatik, joeraz nahiago du hitz egin, eta Iruñearen eta Iruñerriaren joera argia da, haren hitzetan: «Hiri sakabanatua eta zatikatua da Iruñea. Prozesu hori areagotu besterik ez luke eginen Gendulainek».
Areagotu, eta biderkatu. «Hiri berri bat eraikitzea da; 50.000 pertsona sartzea Zizur eta Iruñea artean. Eta hori guztia, hamar urte eskasean. Egoera horri aurre egiteko azpiegitura nahikorik ez da». Desoreka sortuko litzateke Iruñerrian. Isok argi du, gainera, Gendulainen asmoa ez dela dagoen beharra asetzea. «Ez baita halako beharrik. Babes ofizialeko etxeak behar dira, baina ez 14.000 Gendulainen».