Kataluniako Parlamentuak "estatu egiturak" sortu beharko dituela zioen lehengo astean Artur Mas Generalitateko presidenteak, eta gaur harantzago joan da Francesc Homs bozeramailea, estatu propioa aldarrika dezakeela esanda. "Erreferendumik egongo al da datozen lau urteetan?", galdetu dio RAC1 irrati kateko kazetariak Homsi, eta erantzun du "aukera bat" hori dela, baina ondoren erantsi du "parlamentuaren erabaki bat" ere egon daitekeela hauteskundeen ostean. "Estatu propioa aldarrikatzea izango al da?", galdetu dio kazetariak. "Adibidez", Homsek.
Atzo, Mas Madrilen izan zen, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin itun fiskalaz hizketan, eta Raxoik ezezko garbia eman zion. Generalitateko presidenteak gero prentsaurrekoan esan zuen Kataluniako Parlamentuak "erabaki garrantzitsuak" hartuko dituela "gogoeta lasaia" egin ostean.
Homsek azaldu du Masek oraindik ez duela erabaki hauteskundeak aurreratzea, eta CiUk ere erabaki gabe daukala hurrena zer-nolako proposamenak jasoko dituen programan. Oroz gain, "ahal den katalan gehienen arteko batasuna" nahi dutela adierazi du, eta bidea egitea. "Planteatzen ari garena baketsua eta demokratikoa da. Pausoak ematen segitu behar dugu".
Dena dela, Generalitateko bozeramaileak ere ez du independentzia hitza aipatu. "Terminorik onena aukeratuko dugu".