"Alde argia" dago emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko teoriaren eta praktikaren artean. Ondorio horretara heldu da Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak saritutako azterlan bat, Mari Luz Esteban buru duen bost kideko talde batek egina. 15 eta 30 urte arteko gazteen artean egindako ikerlan horrek, ordea, zenbait aldaketa eta haustura antzeman ditu generoaren arloko eredu klasikoetan.
Ikertzaileek hiru mailatan antolatu dituzte emaitzak: eredu klasikoetatik mantentzen diren alorrak, gatazkak, eta, azkenik, atzeman dituzten aldaketak. Aurreko garaietatik mantentzen diren estereotipo, balio eta rolen artean 'neska sentibera'-'mutil indartsua' bikoa dago. Halaber, zehaztu dute oraindik ere emakumeen lanak eta gizonezkoenak bereizi egiten dituztela, baita bestelako estereotipoak mantendu ere: gorputz irudiari lotutako edertasuna...
Eredu klasiko eta berrien arteko gatazkak ere antzeman dituzte ikerlariek. Sexuagatiko diskriminazioa eta feminismoa iraganeko kontutzat hartzen dute gazteek, baina, aldi berean, “puntu beltzak” antzematen dituzte berdintasunaren adierazleetan: bikote harremanetan gertatzen den kontrola, nesken gainsexualizazioa... Amatasuna "zaurgarritasun arrisku handiena" duen esparrua dela hausnartu dute, gatazkak antzeman dituzten eremuen artean. Enpleguari eusteko nahia adierazi arren, amatasunarekin parekatzea zaila dela uste dute elkarrizketatutako emakumezkoek.
Hausturei dagokienez, "bizi ibilbide tradizionalari" uko egiten dioten gazteak ere antzeman dituzte; hots, nesken eta mutilen arteko mugak zeharkatzen dituztenak. Kasu horietan, bizitza proiektuak beste logika batzuetatik hasten dituztenen artean, ideologia feministak "pisu adierazgarria" duela ondorioztatu dute ikerlariek, beste eragile batzuekin batera.