Genero bortxaren biktimei egoitza eta lan baimenak emateko asmoa dute

Espainiako Gobernuak Atzerritarren Legea berritzeko dekretu proposamena aurkeztu du

Etorkinen eskubideen aldeko elkarretaratzea, artxiboko argazki batean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
2011ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Iazko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean Espainiako Atzerritarren Lege berria. Espainiako Gobernuak sei hilabeteko epea izan du lege organiko hori garatuko duen dekretua onartzeko. Atzo aurkeztu zuen Immigrazio eta Emigrazio Estatu Idazkaritzak dekretu proposamena, horretarako epea bukatu zitzaionetik zortzi hilabete igaro direnean. Apirilean onartuko du Ministroen Kontseiluak, Estatu Kontseiluak egin ditzakeen balizko aldaketak jasota. Besteak beste, andreen aurkako indarkeriaren biktima diren etorkinei lan eta egoitza baimenak emango zaizkiela dio.

SOS Arrazakeriako kide Mikel Mazkiaran abokatuaren esanetan, hori da proposamenaren neurri deigarrietako bat. «Inoiz ez dugu lege batean edo dekretu batean halakorik irakurri». Edonola ere, legeak «hobekuntzak edo onurak badituen arren, betiko filosofia» mantentzen duela salatu du. «Joan-etorriak erregulatzea du helburu, baina gaur egun ia ez dago halakorik. Hemen dauden etorkinei egonkortasuna ziurtatzea izan behar da helburu nagusia».

1. Emakume biktimak

Lege erreforma onartu zenean iragarri bezala, aurrerantzean emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren etorkinek babes handiagoa izango dute. Atzo aurkeztutako dekretuak zehaztu du zenbaterainokoa izango den. Hasteko, salaketa jartzen duten unean bertan behera geratuko da emakume horren kanporatzea aztertzen duen txostena, halakorik egongo balitz, eta epaileak epaia eman arte. Benetan biktima dela ebazten badu, bost urteko lan eta egoitza baimena izango ditu. Gainera, adingabeko seme-alabarik balu, horiei ere egoitza baimena emango zaie. Eta seme-alabek 16 urte baino gehiago izanez gero, baita lanerako baimena ere. Haatik, epaileak salaketa faltsua dela ebatziko balu, emakumea eta seme-alabak kaleratzeko txostena martxan jarriko litzateke berriz ere. Emakumeen salerosketaren biktima direnei 30 eguneko epea ezarriko zaie sarearen aurka lagundu nahi duten edo ez erabakitzeko, eta egoitza eta lan baimena eskatzeko. Horien baimenak ere bost urtekoak izango dira.

Horri lotuta, atzo arratsaldean Espainiako Kongresuaren osoko bilkurak Atzerritarren Legeari egin beharreko «premiazko aldaketa batzuk» ahalik eta azkarren egitea onartu zuen, aho batez. PPren legezko proposamena izan da. Aldaketa horiekin emakumeen aurkako indarkeriaren eta salerosketaren biktima diren emakume irregularrak ez kanporatzea lortu nahi da.

2. Errotze eskaerak

Errotze eskaerak bukatu nahi direla iragarri arren, dekretuak aurreko erreforman galdutako figura berreskuratu du: familia errotzea. Alegia, Espainiako herritartasuna duten seme-alaben guraso etorkinek euren egoera erregularizatu ahal izango dute, seme-alaben hezitzaile eta sostengu direla frogatuz gero.

Lan errotzea eskatzeko, berriz, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: gutxienez bi urtez hemen bizi izan direla frogatu beharko dute; eta, halaber, Espainian, sorterrian edo azken bost urteetan bizi izan diren estatuan ez dutela aurrekari penalik.Gainera, gutxienez sei hilabetez lanean egon izana ere eskatuko zaie.

Hirugarren aukera, gizarte errotzea izango da. Hiru urtez hemen bizi izan direnek eskatu ahal izango dute, azken bost urteetan ez dutela aurrekari penalik izan frogatuz gero. Gainera, eskaera unean indarrean dagoen eta gutxienez urtebeterako izango den lan kontratua aurkeztu beharko du. Hemen bizi diren atzerritarrekin loturaren bat izan beharko dute, edo, bestela, bizi diren autonomia erkidegoak egindako txostena aurkeztu, zeinek integratuta dagoela baieztatu beharko duen.

3. Integrazio txostenak

Orain arte integrazio txostenak udaletako gizarte zerbitzuek egiten zituzten. Aurrerantzean autonomia erkidegoen esku geratuko da zeregin hori. Hala ere, hainbat erkidegok udalen esku dute laguntza. Edonola, gobernuak argi utzi du txosten horiek ez direla bete beharrekoak izango. SOS Arrazakeriako Mikel Mazkiarani erabaki zuzena iruditzen zaio: «Egin kontu zenbait udalek zer-nolako jarrera ezkorra duten etorkinekiko, eta horrek eragina izan dezake idazten dituzten txostenetan».

4. Lan kontratuak

Dekretua onartzen denetik etorkinek lan kontratu bat baino gehiago aurkeztu ahal izango dituzte. Orain arte bakarra aurkeztu zezaketen. Aldaketak mesede egingo die lanaldi laburra duten etorkinei; adibidez, etxeak garbitzen edo adinekoak zaintzen lan egiten duten emakumeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.