Genero indarkeria da Ertzaintzaren hipotesi nagusia Gasteizko kasuan

Hilik agertutako bikotearen autopsien zain jarraitzen dute; emaitzak datorren astera arte atzera daitezke

2013ko maiatzaren 11
15:19
Entzun

Gasteizen hilda agertutako bikotearen kasua genero indarkeriaren ondorio izan daitekeela uste du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Hipotesi horrek hartu du indarra hildakoen etxebizitza aztertu ostean, baina Ertzaintzak ez du erabat ziurtzat joko gorpuen autopsien emaitzak eduki arte; datorren astean argitu dezakete auzia. Hala baieztatuko balitz, bortizkeria matxistaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako lehen emakumea litzateke; 53 urte zituen. Senarrak, 61.

Asteazken gauean aurkitu zituzten gorpuak; usteltzen hasita zeuden, eta usainak ohartarazi zituen bizilagunak. Ertzaintzak ez du zehaztu zenbat denbora zeramaten hilik. Gorpuak etxeko sukaldean zeuden, eta hedabide batzuek zabaldu zuten aizto bat zutela ondoan; indarkeria zantzuak bazirela baieztatu du Segurtasun Sailak. Abagunea aztertuta, indarkeria matxista da hipotesi nagusia, gizonak emakumea hil, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela, alegia. Lapurretaren aukera segituan baztertu zuten, eta suizidio adostuaren hipotesia aztertzen aritu dira ertzainak. Autopsiak argituko du, baina datorren astera arte luza daiteke emaitzak argitara ateratzea.

Edonola ere, gaitzespen elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean Gasteizen, mugimendu feministak deituta. Astelehenerako ere bilkurak antolatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.