Bikotekideei eraso egin dietelakoan, bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak Gipuzkoan. Asteartean atzeman zituzten ustezko bi erasotzaileak. Villabonan 42 urteko gizon bat atxilotu zuten. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berri eman duenez, biktimak berak deitu zuen Ertzaintzara, gertatutakoaren berri emateko. Ertzainak bikotearen etxera joan ziren, eta andreak azaldu zien senarrak jo egin zuela eta mehatxuak egin zizkiola. Poliziaren arabera, zauriak zituen masailean eta buruan, eta mina bizkarrean. Erietxera eraman zuten, mediku azterketak egiteko. Gizona etxetik ihes eginda zegoen, eta handik ordu batzuetara agertu zen Hernaniko polizia etxean. Han atxilotu zuten.
Irungo taberna batean, berriz, 32 urteko gizon bat atzeman zuten, bikotekideari ustez tratu txarrak emateagatik. Bikoteak eztabaida izan zuen tabernan, eta, Herrizaingo Sailaren arabera, komunera joan, eta gizonak emakumea kolpatu zuen; baita ispilu baten kontra bultzatu ere.
Tabernako bezero batzuek aurre egin zioten ustezko erasotzaileari, eta Ertzaintza iritsi arte tabernan eduki zuten. Han bertan atxilotu zuten. Biktima zorabiatuta zegoen, eta zauriak zituen aurpegian. Ondorioz, erietxera eraman zuten. Urtarrilean ere atxilotu zuten ustezko erasotzaileak, genero indarkeria egotzita.
Emakume ezinduen egoera
Bestalde, Elbarritasun Fisikoak eta Psikikoak dituztenen Bizkaiko Koordinakundeak salatu duenez, elbarritasunen bat duten hamar andretik zortzik indarkeria motaren bat jasan dute, eta lau aldiz arrisku handiagoa dute sexu erasoren bat jasateko.
Horri aurre egiteko neurriak eskatu ditu elkarteak, eta erakundeei galdegin die sortzeko zerbitzu publikoen sare bat, egoera horiek jasaten dituzten emakume elbarriei laguntzeko. Prebentzio neurriak ere beharrezkoak ikusten dituzte. Maiz halakoak ez baitira emakume horiengana iristen, salatu dutenez.
Genero indarkeria leporatuta, bi gizon atzeman dituzte
Villabonan eta Irunen egin ditu atxiloketak Ertzaintzak; biktimak erietxera eraman behar izan dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu