Nafarroako Foruzaingoak eta Gasteizko Udaltzaingoak lau gizon hartu dituzte atxilo azken egunetan, genero indarkeria egotzita. Gazteak dira ustezko erasotzaileak: 42 urte ditu zaharrenak, eta gazteenak, 25. Nafarroan atxilotutako gizonezkoetako bi amari oldartu zitzaizkion.
Noainen eta Eguesibarren eraso zieten ustez semeek amei. 25 urteko gazte batek urruntze agindua hautsi orduko jo zuen amarenera, iragan hilaren 12an, ostiralarekin. Ustez eraso egin zion berriro ere gurasoari, eta hark Poliziarengana joan eta salaketa jarri zuen. Atxilotu egin zuten foruzainek. Noainen gertatu zen. Iragan ostiralean, berriz, 28 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, Eguesibarren. Poliziak berri eman du atzemandako gaztea borrokan hasi zela anaiarekin, eta ama haiek banatzera joan zenean oldartu zitzaiola. Foruzaingoari jakinarazi zioten ustezko erasoaren berri, eta poliziek atxilotu egin zuten gaztea.
Igandean, berriz, Atarrabian 31 urteko gizon bat atzeman zuen, bikotekideari erasotzeagatik. Kalean zebiltzan udaltzain batzuek beren begiz ikusi zuten nola jo zuen gizonak emakumea. Atxiki egin zuten gizona kalean bertan, eta foruzainei eman zieten abisu. Haiek eraman zuten atxilotuta.
Gasteizko Udaltzaingoak herenegun bazkalondoan egin zuen beste atxiloketa bat. 14:15 aldera, bizilagun batek eman zuen larrialdi deia, inguruko etxe batean garrasi handiak entzuten zirela. Udaltzainak joan ziren etxera, eta emakume bat aurkitu zuten, aurpegian zauriak zituela. 41 urte ditu. Poliziei jakinarazi zien bikotekideak eraso egin ziola; kolpeak eman zizkion aurpegian, eta iletik tiraka ibili zuen. Gizona, 42 urtekoa, atxilotu egin zuten. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, emakumeak uko egin dio gizonari urruntzeko agindua jartzeko proposamenari.
Genero indarkeria leporatuta, lau gizonezko atxilotu ditu Poliziak
Eguesibar eta Noainen, amari ustez oldartutako bi gizon atxilotu ditu Foruzaingoak; urruntze agindua izan zuen batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu