Genero indarkeria leporatuta, sei gizon atzeman dituzte bi egunean

Bilbon, 25 urteko gazte bat atxilotu dute, emakume haurdun bat jo eta lurretik arrastaka eraman duelakoan

2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistak asteburu beltza utzi du: larunbat iluntzetik, sei gizon atxilotu ditu Ertzaintzak, beste horrenbeste emakumeri jo, irain egin edo mehatxu egin dietelakoan. Sei kasuetatik lautan, 30 urte baino gutxiago dituzte ustezko erasotzaileek. Tartean, 25 urteko mutil bat atzeman dute, bikotekidea —haurdun dago—kolpatzea leporatuta.

Igande goizaldean gertatu zen erasoa, Bilboko Uribarri auzoan, kalean. Bizilagun batek Ertzaintzari dei egin zion 06:00 aldera, salatzeko gizon batek emakume haurdun bat jo, lurrera bota eta lurretik arrastaka eraman zuela. Erasotzailea eta biktima banatzea lortu zuten bi auzokidek; hala ere, elkarrekin sartu ziren atari batera erasoa jazo ostean. Poliziak ustezko erasotzailearen etxera joan ziren, eta han atxilotu zuten, genero indarkeria egotzita.

Horren aurretik, 21 urteko mutil bat atzeman zuten Bilboko ertzain etxeko agenteek, bikotekide ohiaren pisuko atea jo eta emakumeari oihuka mehatxu egiteagatik. Igande goizaldean bertan,40 urteko gizon bat atzeman zuten Gasteizen, bikotekidea jotzeaz akusatuta. Kolpeengatik, andreak hanpatua zuen masaila.

Larunbat gauean, halaber, bi gizon atxilotu zituen Ertzaintzak. Lehen kasua Zumaian (Gipuzkoa) gertatu zen: kalean bikote bat eztabaidan ari zela jakinarazi zieten agenteei telefonoz. Hara heltzean, ertzainek urrutitik ikusi zuten gizon bat emakume bati kolpeka eta iletik tiraka ari zitzaiola. Erasotzailea —29 urte ditu— mendean hartu eta atxilotu ostean, anbulantzia bat eskatu zuten, andrea lurrean etzanda baitzegoen, gorputzeko hainbat ataletan min hartuta. Horrez gain, Sestaon (Bizkaia) 37 urteko gizon bat atzeman zuten, emaztea jo zuelakoan.

Atzo, berriz, Barakaldoko Rontegi auzoan (Bizkaia), andre batek bikotekidearen erasoa pairatu zuen: eztabaida baten ostean, gizonak (42 urte) emakumeari mehatxu egin eta lepoan jo zion, biktimak ertzainei azaldu zienez. Bikotearen pisukide batek geldiarazi zuen erasotzailea. Emakumea Gurutzetako ospitalean artatu behar izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.