Jose Maria Morentin, Aiegiko (Nafarroa) 50 urteko gizonezkoa, larunbatetik Foruzaingoaren komisarian egon da atxilotuta, Lodosako (Nafarroa) denda batean bere senitartekoak mehatxatzea eta ordena publikoa asaldatzea egotzita. Delitu horiengatik, atzo epailearen aurrera igaro beharra zeukan. Baina foruzain bati Maria Puy Perezen hiltzailea zela onartu ostean, prozesu hori gelditu egin da. Foruzainak Morentinen konfiantza irabazi zuela, eta hark hilketa aitortu diola jakinarazi du Fernandezek. «Polizia ez da psikologian aditua, baina aurrez pentsatuta jokatu du hasieratik, bere izaera irekiaren bitartez ustezko hiltzailearen konfiantza bereganatzeko», azaldu du.
Gertatutakoaren kontakizuna
Nafarroako Gobernuak jakinarazitako Morentinen testigantzaren arabera, urriaren 11n bere bikotekide ohiarekin geratzea lortu zuen gizonak, Lodosa eta Sesmarekin lotzen dituen errepidetik ehun metrora dagoen soro batean. Bertan, Lizarrako emakumeari labana sartu zion lepoan. Hiltzaileak gorpua bertan utzi, eta Aiegin duen etxera joan zen aizkora eta aitzurra hartzera. Ondoren, hilketaren tokira itzuli eta gorpua zatitu zuen, eta soro batean lurperatu. Foruzaingoak jakinarazi duenez, «Perezen gorpua lurperatzeko zulo sakonak egin zituen hiltzaileak, lurra goldatzean gorpuzkinaren arrastoak lurrazalera atera ez zitezen».
Foruzaingoaren Ikerketa Kriminaleko Saileko hainbat foruzainen arabera, «atzo 08:00etan hasi ziren bilaketa lanak», Morentinen aitorpenaren ondotik. Hala ere, hamabiak igaro arte ez zutengorpuzkinik aurkitu. Maria Puy Perezen arrastoak Nafarroako Auzi Medikuntzako Institutura eraman dituzte, bertan autopsia egin diezaioten. Morentin, berriz, auzitegiaren esku jarriko dute datozen egunetan, hilketa baten egile aitortua izateagatik.
Arduraren itzala
Maria Puy Perez 2008ko urriaren 11n desagertu zen, eta ordutik lau aldiz atxilotu dute haren bikotekidea izandakoa. Lehenengo atxiloketa iaz izan zen, urriaren 13an, Perezekiko urruntze agindua hausteagatik, eta kartzelan sartu zuten. Baina iragan urtarrilaren 13an aske gelditu zen, Fiskaltzak espetxean edukitzeko «arrazoirik» aurkitu ez zuelako.
Aske gelditu zenean bertan komunikabideei bere historia saltzeko prest zegoela jakinarazi zien Morentinek. «Nik zuek galdetzen didazuenari buruz hitz egingo dut, baina ordainduz gero. Bestela ez egin inolako kontsultarik nire abokatuari. Nik saldu egiten dut nire istorioa, zuek erosi, eta honek saldu egiten du. Audientzia nahi baduzue, ordaindu egin beharko duzue». Urtarrilaren 17an berriro atxilotu zuten, Foruzainengandik ihes egiteko Morentin berea ez zen bizileku batean sartu zelako. Maiatzaren 2an atxilotu zuten hirugarren aldiz, «agintaritzaren aginduak ez betetzeagatik» aldi hartan. Azken atxiloketa iragan larunbatean izan zen, Lodosan, besteak beste, bere senitarteko bati hiltzeko mehatxua egiteagatik.
Morentinek komunikabideei egindako adierazpenek min handia sortu dute Perezen familian. «Nik badakit Maria Puy non dagoen; zuek jakin nahi baduzue, ordaindu egin beharko duzue», esan zien komunikabideei beste egun batean. Noizbait esan zuen bere bikotekide ohia «bere gogoz» joan zela ere. Hala ere, familiak ez die inoiz adierazpen horiei erantzun, eta esperantzari eutsi dio gaur arte. Esaterako, iragan martxoan, 500 lagun bildu ziren Aiegin, Perez aurkitzeko asmoz.
Hilketa salatzeko
Lagun andana elkartu zen atzo Lizarran Perezen hilketa salatzeko. Gaur ere, Nafarroako Gobernuak deituta, elkarretaratzea egingo dute 11:00etan, Iruñeko Vinculo plazan. Sexu Indarkeriaren Aurkako Emakumeen Plataformak, berriz, Udaletxe plazan, 20:00etan egingo du elkarretaratzea. Emakumeen Mundu Martxa Plataformak Euska Herri osoan deitu ditu elkarretaratzeak, ohiko ordu eta tokietan.
Zortzi hilabete Maria Puy Perezen gorpuaren bila
Desagertu zenetik, iazko urriaren 11tik, makina bat ahalegin egin dituzte Maria Puy Perez Lizarrako emakumearen gorpua bilatzeko.Erasoak
8
Erasoak emakumeen aurka. Azken egunotan zortzi emakumek salatu dituzte erasoak. Guardia Zibilak sei lagun atxilotu ditu Nafarroan genero indarkeriako delitua egotzita. Tolosan emakume bati erasoa diotela salatu du Bilgune Feministak, eta Irunen gizon bat atxilotu du Ertzaintzak.Tere Saez.Lizarrako Berdintasun teknikaria
«Agur esan ahal izango diogu,eta, aldi berean, justizia eskatu»
Iñaki Petxarroman.Iazko urriaren 11n desagertu zelako albistea jakin zuenetik, buru-belarri ibili da Tere Saez Andrea elkarteko ordezkari eta Lizarrako Udaleko Berdintasun teknikaria Maria Puy Perezen gorpuaren bilatze lanetan. Behin gorpua berreskuratuta, aurrerantzean justizia egiteko bidea zabaltzen delako itxaropentsu agertu da.
Zer moduz zaude, Maria Puy Perezen gorpua agertu dela jakin ondoren?
Bagenekien hilda zegoela, baina baieztatzea beti da gogorra. Alabaina, eskerrak agertu den, eskerrak egia jakin ahal izango den; erruduna zein den jakingo dugu, eta Maria Puy agurtu ahal izango dugu merezi zuen bezala. Modu horretan, senideek, lagunek, hor gauden guztiek garai latz bat itxi ahal izango dugu, eta beste bat ireki: justizia bilatzeko momentua. Zeren, orain arte, alferrik eskatzen genuen epaiketa egiteko, esaterako. Horregatik, berria jakin dudanean sentimendu bikoitzarekin geratu naiz: huts bat sabel barruan batetik, eta pozezko malkoak begietan bestetik, azkenik frogatu ahal izango dugulako zer gertatu zen.
Pentsatzen dut familiak ere izango duela sentimendu hori.
Dudarik gabe. Familiak bazekien zer gertatu zen, baina tristura sentimenduaren barruan, gutxienez gorpua izango dute, eta agur esan ahal izango diote, eta, aldi berean, justizia eskatu.
Kasu hau latza izateaz gain, bitxikeriaz beterik egon da... Hiltzaileak irrati batera deitu zuen esanez berak bazekiela Maria Puy Perez non zegoen, eta ordaintzen bazioten esango zuela. Hala ere, inor ez da joan gizonarengana kontu eske.
Kasu honen inguruko gorabehera batzuek harri eta zur utzi naute, eta horietako bat hori da... Gizon honek erakutsi nahi izan du besteak baino bizkorragoa dela, eta ez zaie kasu egin hark berak eman dituen hainbat zantzuri. Ez zuen jakingo ba non zegoen gorpua!
Beraz, gorpua agertzearekin batera, Nafarroan genero indarkeriaren ondorioz hildako beste emakume bat zenbatu beharra dago.
Bai, azken urteotan hildako 12. emakumea dagoeneko. Horrez gain, beste bat Euskadin, eta estatuko 30. emakumea, oker ez banago. Gaia hor dago, eta nabarmendu behar da berriro, baina kasu honetan azpimarratu behar da hainbat jendek lasaiago hartuko dugula arnasa aurrerantzean, zeren gizon hau arriskutsua zen, eta aspalditik esaten ari ginen pertsona batzuk arriskuan geundela.
Herri mugimendua hasieratik aritu da lanean Maria Puy Perezen gorpua bilatzeko lanean, eta zerbaiterako balio izan du azkenean.
Bai; gainera, uste dut ondo aritu garela lanean elkarrekin familia, emakumeen mugimendua eta Udala. Batera aritu gara lanean, eta oso inportantea izan da familiaren jarrera: ez du etsi gorpua agertu arte, baina ez du nahi izan morboa eragin zezaketen kasuaren inguruko gorabeheretan sartu. Eredugarria izan da haren jokabidea.