Genero indarkeriagatik 710 salaketa jarri dituzte Nafarroan uztaila bitarte

Iazko datuekin alderatuta, %13 jaitsi da kopurua; 18 eta 39 urte arteko emakumeek salatzen dute gehien

Erredakzioa
Iruñea
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Urteko lehen zazpi hilabeteetan 710 emakumek jarri dute salaketa Nafarroako polizia etxeetan genero indarkeriaren ondorioz. 2009. urteko epe bereko datuekin alderatuta, %13,2 jaitsi dira jarritako salaketak. Iaz 818 salaketa jarri zituzten, 108 gehiago. 2002. urtetik lehen aldia da genero indarkeriagatik jarritako salaketa kopurua jaitsi dena.

«Itxaropentsu» izateko moduko datua dela jakinarazi du Sara Ibarrolak, Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendariak. Legeetan egindako aldaketen zein gizartearen beraren kontzientzia aldaketaren ondorioa izan daitekeela azaldu du; hala ere, datuen bilakaera gertutik jarraitu beharko dela esan du.

Hala, horren positiboak ez diren arrazoiak egon daitezke genero indarkeriagatik jarritako salaketen jaitsiera arrazoitzeko. Krisi ekonomikoak eraginda, ekonomikoki independente izateko zailtasuna dela eta, atzera egiten duten emakumeak egon daitezkeela uste du Ibarrolak. Horrez gain, Espainiako Etorkinen Legeak ere zerikusia izan dezakeela gaineratu du. Paperik gabe dauden emakume atzerritarrek salaketa jarri baina frogatzerik ez badute erbesteratuak izateko arriskua dute.

Salaketa kasu gehienak, 412, indarkeria fisikoaren ondorioz egindakoak izan ziren. beste 138 salaketetan tratu txar fisiko zein psikologikoen berri eman zuten emakumeek. Salaketa jartzera joan ziren hiru emakumetik bik 18 eta 39 urte artean zituzten, eta 39 kasutan adin txikikoak ziren. Geroz eta azkarrago salatzen dela adierazten dute datuek, Ibarrolaren iritziz. «Kasu askotan, zenbat eta nagusiagoa izan, egoera egonkortu egiten da eta zailagoa da bertatik ateratzea».

Genero indarkeriaren biktimen larrialdietarako zentrotik 111 pertsona igaro dira lehen zazpi hilabeteetan, 51 emakume eta 61 adingabe, Ibarrolak azaldu duenez. Urte hasieratik 2.600 emakumek baino gehiagok jarri dute salaketa genero indarkeriagatik Hego Euskal Herrian.

Protokolo «oso zorrotzak»

Ertzaintzak genero indarkeria sufritzen duten emakumeak babesteko dituen protokoloak «oso zorrotzak» direla azaldu du Rodolfo Aresek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, eta horien etengabeko jarraipena egiten dela gaineratu du. «Genero indarkeriaren biktimei emandako arreta eta babesa lehentasuna da Eusko Jaurlaritzarentzat», nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean Aresek. Biktimek zerbitzuari jarritako nota -9,37- horren erakusle dela nabarmendu du. Horrez gain, babesera bideratutako orduak %30 handitu direla gaineratu du.



Emakumeen aurkako indarkeriagatik hiru gizonezko atxilotu dituzte asteburuan

Hiru gizon atxilotu dituzte asteburuan: bat Gasteizen, larunbatean, eta beste biak igandean, Bilbon. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, gizon batek bikotekidea lepotik hartu, aurpegian jo eta auto baten kontra bota zuen. Udaltzainak gizonaren indarkeriaren lekuko izan ziren, eta bertan atxilotu zuten. Emakumea Basurtuko ospitalera eraman zuten.

Bilbon atxilotutako beste gizonari sexu askatasunaren aurkako delitua egotzi diote, 20 urteko emakume bati eraso egiteagatik hura etxeko atarira sartzen ari zenean. Bilboko Udaltzainek erasoa ikusi zuten eta gizona atxilotzea lortu zuten.

Gasteizen atxilotutako gizonak, 32 urtekoa bera, urruntze agindu bat bete berria zuen, eta berriro ere bikotekidearekin bizi zen, Udaltzaingoak jakinarazitakoaren arabera. Erasoa ostiral gauean gertatu zen, baina emakumeak larunbatean jarri zuen salaketa, eta urruntze agindua eskatu du berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.