Hego Euskal Herrian %7 salaketa gutxiago jarri zituzten iaz genero indarkeriagatik. 2012an 5.186 salaketa aurkeztu zituzten auzitegietan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. 2011n 388 gehiago izan ziren (5.574). Batez beste, mila emakumetik 3,6k aurkeztu zituzten salaketak iaz auzitegietan.
Genero Indarkeriaren Espainiako Behatokiak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren mendeko organuak, eman ditu datuak gaur. Zifrak ez datoz bat Eusko Jaurlaritzak emandakoekin; Jaurlaritzaren arabera, salaketa kopurua egonkortu egin zen iaz, baina apur bat gora egin zuen.
Auzitegietara iritsitako salaketen kopuruak iaz behera egin zuela zehaztu du, edozein kasutan, Genero Indarkeriaren Espainiako Behatokiak. Hala ere, iazko datuak aurreko urteetakoen antzekoak dira; 2010ean 5.161 salaketa jaso zituzten auzitegiek, 2009an 5.294, eta 2008an 5.229.
Salaketekin batera, babes aginduak emateko 1.065 eskaera egin zituzten auzitegietan. Hamar eskaeratik lau atzera bota zituzten epaileek.