Genero indarkeriaren biktima diren emakumeen dosierrei buruzko informazioa trukatu, eta modu horretan haien laneratzea sustatzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak. Datozen hilabeteotan bi erakundeek elkarlanean abian jarriko duten proiektu baten lehenengo urratsa da lankidetza hitzarmena, eta bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik indarkeria nozitu duten emakumeak ez ezik, sexu jazarpenaren biktimak ere lanean hastea da helburua.
«Genero indarkeriaren biktima diren emakumeek autonomoak izan behar dute, bizimodu independentea egiteko eta tratu txarren eragileekin dituzten loturak mozteko, enpleguak ematen duen independentzia ekonomikoaren bitartez, besteak beste», adierazi du Gemma Zabaletak, Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak. Autonomia hori lortzeko, «laguntza pertsonalizatua» jasoko dute orientazio zerbitzuen aldetik, Zabaletaren esanetan, «enpleguaren aldeko politiken lehentasunezko helburu» baitira.
Hitzarmenaren barruan, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak beharrezkoa duten informazioa emango die Lanbideren zerbitzuak behar dituzten indarkeriaren biktimei, eta, beharrezkoa den kasuetan, ofizioz eman ahal izango die alta lan eskatzaile gisa izena emateko.
Bestalde, biktimaren onespenarekin, Lanbidek baimena emango dio biktimak laguntzeko zuzendaritzari bertako langileek biktimen dosierra eskura dezaten eta, era horretan, haiek laneratzeko bide egokienak azter ditzaten: orientazio programak, prestakuntza, diru laguntzak jasotzeko eskubidea...
Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak adierazi duenez, «berebiziko garrantzia dauka indarkeria matxistaren biktima den emakumearen laneratzea sustatzeak; izan ere, jarduera guztiaren oinarrizko helburuetako bat emakumeen bizitza normalizatua eta independentzia lortzea izango baita».
Lanbideren eta biktimei laguntzeko zuzendaritzaren arteko hitzarmenaren ondorioz, sexu esplotazioaren biktima diren emakumeen laneratzea erelehentasunen artean sartuko du Jaurlaritzako enplegu zerbitzuak. Horrekin batera, edozein motatako genero indarkeriaren biktima diren emakumeak laneratzeko prozesuan tutoretza lana egin behar duten teknikarien gaikuntza eta prestakuntza sustatuko du, zuzendaritzarekin batera.
Hitzarmena urtebete egongo da indarrean, eta datozen hilabeteotan gorpuztuko den proiektu baten aurreneko urratsa da.
Kasu bakoitza aztertu
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek aurrerantzean elkarrekin eta «sakon» aztertuko dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatzen den genero indarkeria kasu larri oro, eta «erantzun publiko eraginkorra» ematen saiatuko dira, batik bat indarkeriaren ondorioz hildakoak gertatzen direnean.
Tratu txarrak eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeei laguntza hobea emateko, erakunde arteko hitzarmenaren jarraipen batzordeak ohiz kanpoko bilera bat egin zuen atzo Gasteizen. Durangon (Bizkaia) eta Hernanin (Gipuzkoa) genero indarkeriaren ondorioz izandako azken bi hilketen ondorioz egin dute bilera, eta, hain zuzen ere, atzoko bileran onartu zuten Emakundek jarraipen batzordearen bilerara deituko duela genero indarkeria kasu larriren bat dagoen guztietan.
Era berean, emakumearen institutuak erantzun publikoaren eraginkortasuna hobetzeko neurriak aztertuko ditu, eta, horretarako, atzoko bileran erakunde bakoitzak egindako ekarpenak kontuan izango ditu. Jarraipen batzordeanEusko Jaurlaritzako Osasun, Herrizaingo, Justizia, Lan eta Gizarte Gaiak, Etxebizitza eta Hezkuntza sailak daude ordezkatuta, eta horiekin batera, Arartekoak, Aginte Judizialaren Aginte Nagusiak, EAEko Fiskaltza Nagusiak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, Eudelek, Abokatuen Euskal Kontseiluak eta Euskadiko Sendagileen Elkarte Nagusiak osatzen dute.
Genero indarkeriaren biktimak lanean hastea sustatuko dute
Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak eta Lanbidek probako proiektu bat jarriko dute abianEAEko erakundeak bortizkeria kasu larriak gertatzen diren aldi guztietan bilduko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu