Memoria historikoa

German Rodriguezen eta Asiroren aurkako pintaketak gaitzetsi ditu Nafarroako Gobernuak

"Demokraziaren kontrako erasoa" dela nabarmendu du Barkosen gobernuak, eta elkartasuna adierazi die biktimei.

Asironek Mola eta Sanjurjoren gorpuzkiak Erorien Monmentutik ateratzeko asmoa iragarri eta hurrengo egunean agertu ziren lehen pintaketak. BERRIA
2016ko irailaren 14a
09:00
Entzun

Azken egunetan Iruñeko alkate Joseba Asironen aurkako pintaketak agertu dira Nafarroako hainbat tokitan, eta atzo bertan eraso egin zioten German Rodriguezen omenezko plakari. Nafarroako Gobernuak gaitzetsi egin ditu ekintzok, eta "demokraziaren kontrako erasoak" direla salatu du.

Plaka dagoen tokian hil zuten Rodriguez, 1978ko uztailaren 8an. Egun hartan, polizia armatua tiroka sartu zen zezen plazan, eta, handik kanpo, polizietako batek tiroz hil zuen Rodriguez. Inoiz ez zen ikertu hilketa.

"Biktimen memoriaren aurkako erasoa dira, eta berriz bilakatzen ditu biktima lehendik ere indarkeriaren ondorioak jasan dituzten pertsonak. Horrek familien mina eta sufrimendua handitzeko soilik balio du", adierazi du gobernuak, eta elkartasun mezua helarazi die erasoan biktima izan direnei, nabarmenduz bakearen eta elkarbizitzaren aldeko ahalegina egiten jarraituko duela.

Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneralen gorpuzkiak Erorien Monumentutik ateratzeko asmoa iragarri eta gutxira hasi ziren agertzen pintaketak. Hurrengo egunean bertan, "Asiron, ausartu hadi bizirik daudenekin" idatzi zuten Iruñeko Donibane auzoko igerilekuetan eta Uharteko Aretako industrialdean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.