Kondor Legioko hegazkinek Gernika bonbardatu zutenetik 75 urte pasatu dira, eta, Gernikako Batzordearen iritzian, «Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko hiriburu eta bozgorailu bilakatu behar da Gernika-Lumo». Urteurrena «egoera berezi batean» datorrela uste dute, eta, horregatik, «modu positiboan» ekarri nahi dute gogora; «modu positibo batean txertatu nahi dugu aurrera begira sekulako potentzialitateak eskatzen dituen une historiko honetan, gatazka politiko honen behin betiko konponbidean bere ekarpena eginez». Hala azaldu zuten atzo, Gernikan, Gernika Batzordeak, PEN klubak eta hainbat gizarte eragilek emandako prentsaurrekoan.
«Une historiko honi» bultzada bat emateko baliatu nahi dute Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena: «Gernikako zerua zeharkatu eta herria suntsitu zuten abioien ordez, Euskal Herriari eta euskal herritarroi dagozkigun eskubide indibidual eta kolektiboakaldarrikatzen dituen txori koloretsuaren aldeko apustua egin dugu». Hala, abioi eta lehergailu haiek «Euskal Herriaren ukazioa bermatzea» helburu zutela ahaztu gabe, esan dute koloretako txori horrekin «Euskal Herriaren aitortzaren, existentziaren eta etorkizunaren aldeko mezua» zabaltzeko lan egingo dutela. Hargatik, Askatasuna, bakea... autodeterminazioa leloa jarri diete urteurrenaren karietara egingo dituzten ekitaldiei. Esan dute eskubideak errespetatuko diren egoera bat behar dela Gernikan gertatua «ez gure herrian ezta munduko beste inongo txokotan» berriz ez gertatzeko, eta herritarrek erabaki behar dutela zer eta nolakoa nahi duten izatea beren herria.
Argi daukate horixe dela gatazkaren muina: «Euskal Herritarrei dagokie libre eta demokratikoki, inongo inferentziarik gabe, bere etorkizunaz erabakitzea». Haien ustez, hor dago «gatazkaren bataila politiko nagusia», eta hori indar metaketa eta indar politikoen korrelazio berri baten bidez egin beharko da.
Nazioartean eta bertan
Prentsaurrekoan agertu zirenen arabera, nazioartera eta Euskal Herrira bertara begiratu behar da egungoa «une historikoa» izan dadin. Nazioartera begiratuta, erabakitzeko eskubidearen bidean, gogorarazi dute estaturik gabeko «hainbat naziok» urrats erabakigarri ugari egin dituztela, eta azpimarratu dute baldintzak indartu, egonkortu eta optimizatu egin behar direla erabakitzeko eskubideak «zentralidadea har dezan nazioarteko agenda politikoan»; uste dute «antolaketa eraginkor bat» behar-beharrezkoa dela horretarako.
Euskal Herrira begiratuta, berriz, azken bi urteetan «ziklo berri bat» zabaltzen ari dela diote. Besteak beste, honako hauek jarri dituzte egoeraren garrantziaren adierazgarri: «konponbide oso baterako» bide orritzat jo duten Gernikako Akordioa; nazioarteko eragileen babesa ekarri zuen Aieteko Adierazpena; eta ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman izana. «Mugarri guzti horiek aukera historiko bat sorrarazi dute Euskal Herriak Espainiako Estatuarekin eta Frantziakoarekin duen gatazka politikoari konponbide oso bat emateko bidea ireki, garatu eta azken bururaino eramateko ».
Gernika erabakitzeko eskubidearen hiriburu bihurtu nahi dute
Modu positiboan ekarri nahi dute gogora bonbardaketa, gertatu eta 75 urtera, «garai historiko honi» bultzada bat emateko'Askatasuna, Bakea... autodeterminazioa' lelopean egingo dituzte ekitaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu