Gernika Francok bonbardatu zuela aitortzeko eskatu diote Espainiari

Gerry Adams politikari irlandarrak eta Gernikazarra historia taldeak jaso dituzte aurtengo Gernika sariak

Atzo iluntzean, 'Gernika sutan' herri antzerkia egin zuten, Gernikan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Gernika
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Atzo 74 urte bonbardatu zuten Gernika Alemaniako Condor armadako hegazkinek, eta, urtero bezala, eguna oroitzeko ekimen sorta egin dute gernikarrek. Ekitaldi horien harira, eskaera bat egin dio, «beste behin», Gernikako alkateak Espainiako Gobernuari: erasoa Francoren aginduz egin zela aitortzeko. Espainiako Kongresuari ere egin dio eskaera Jose Maria Gorroño alkateak: «Egia onar dezala: Alemaniako Condor Legioak herria Francoren aginduz bonbardatu zuela».

Alemaniako Gobernuak eta Parlamentuak 1937ko apirilaren 26an gertatutakoan alemaniarrek izan zuten erantzukizuna aitortu zutela eta Gernikako herritarrei barkamena eskatu zietela ohartarazi du Gorroñok, Espainiari gauza bera egin dezala eskatzeko: «Zergatik kostatzen zaio horrenbeste gertatutakoa aitortu eta erasoaren arduradunak gorri-separatistak izan zirela esan izana gezurra zela onartzea?».

11:30ean hasi ziren atzo oroimenerako ekitaldiak, George Steerriren oroitarriari lore eskaintza bat eginda. Kazetari britaniarrak duela 74 urte gertatutakoaren berri eman zion munduari orduan, Gernikatik bertatik, eta haren semea Gernikan izan zen atzo aitaren omenezko eskaintzan.

Urtero atzoko egunez egin ohi dutenez, Berradiskidetzearen eta Bakearen aldeko Gernika Sariak banatu zituzten, ondoren. Gerry Adams politikari irlandarrari eta memoriaren berreskurapenerako duela 25 urtetik lanean diharduen Gernikazarra taldeari eman dizkiote aurtengo sariak.

Irlandan eskubide zibilen alde zein baketzearen alde egindako lanagatik eta Euskal Herriari bide bera egin dezan ahaleginetan emandako laguntzagatik jaso du saria Sinn Feineko buruak. Haren herriko hauteskundeetan murgilduta egonik, ez zen atzo Gernikan izan, baina saria jasotzera joango dela hitz emana du.

«Historia berreskuratuta bakearen eta berradiskidetzearen alde» egindako lanagatik saritu dute Gernikazarra historia taldea. Saria jaso zuten ordezkariek giza eskubideak zein «kultura eta ideia askatasuna» aldarrikatu zituzten.

Alemaniako Pforzheimgo alkate Alexander Uhligen eta Gernikako alkate Gorroñoren eskutik jaso zuten eskertzarako koadroa saridunek. «Bakea lortzea eta mantentzea inoiz amaitzen ez den lana da», ohartarazi zuen Gorroñok. Indarkeria guztien aurkako, eta torturen eta legez kanporatzeen aurkako mezua eman zuen, eta «bakearen aldekoa».

Iluntzean, berriz, bonbardaketaren gaineko Gernika sutan herri antzerkia eskaini zuten 150 lagun inguruk.

Iñaki Uriarte arkitektoak, bestalde, bonbardaketa irudikatzen duen Gernika koadroa Madrildik Gernikara eramateko tramiteak has ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Gauza bera eskatu dio Gorroño alkateak Madrilgo Gobernuari. Udalak ekimena abiatu zuen aldarri horrekin, eta 12.100 sinaduratik gora jaso ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.