Gernikako Adierazpena Donostian, herritarren babesarekin

Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak deituta elkarretaratu dira torturen aurka

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Eskubide guztien alde eta torturaren aurka ehunka lagun bildu ziren atzo arratsaldean Donostiako Alderdi Ederren, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak deitutako elkarretaratzean. Eskubide guztiak guztiontzat Euskal Herri osoan leloa hartuta egin zuten bilkura Gernikako Adierazpena sinatu zuten eragile politikoek eta hainbat gizarte eragilek eta herritarrek. Donostiara eraman dute nazioan hainbat eragile politikok eta sindikalek hitzartutako konpromisoak betetzeko exijentzia.

Irailean izan ziren polizia operazioetan, besteak beste, hiru donostiar atxilotu zituztela eta horiek torturak salatu dituztela gogorarazi zuten elkarretaratzean. Hori ikusita Donostiako Udalak ezin duela beste aldera begiratu adierazi zuten, eta ikerketa azkar, independente, inpartzial eta oso bat egin behar duela salaketa horien inguruan. Eta gogora ekarri zuten Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen batzordeak torturaren aurka jasotzen dituen gomendioak bere egin dituela Donostiako Udalaren giza eskubideen batzordeak.

Txori Barroteren afera

Beste eskubide urraketa bat salatzeko orduan ere bat egin dute Aralarrek, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak. Bilbon egin dute beste adierazpen bat Txori Barrote txosnako lau konpartsakideen harira; zehazki, ohar bat kaleratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalak haiei emandako absoluzioaren harira.

Lau alderdiok pozez hartu duteerrugabetasun epaia, eta Bilboko Udalari eskatu diote datorren urteko Aste Nagusiari begira jarrera zuzendu eta Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei ezarritako «betoa» altxa dezala. Auzitegi Nazionaleko epaia argia dela uste dute alderdiok: euskal presoen argazkiak erakustea ez dela delitu azpimarratu dute, eta, beraz, ez dela legerik edo ordenantzarik urratzen.

Udal gobernuak egindako «hutsegitea» aitortubeharko lukeela uste dute, eta 2011ko Aste Nagusia ez luke «alderdikeriaz» gehiago erabili behar. Oharra izenpetu dutenen iritziz, epaiak balio beharko luke EAJk eta EBk osatzen duten gobernu taldeak Bilboko konpartsakide batzuei ezarritako debekua kentzeko, «inolako oinarri juridikorik ez duelako».

Lau alderdiok eskatu dute jai eredu «parte-hartzaile, herrikoi eta plural bat», giza eskubideak errespetatuko dituena eta eskubide zibil eta politikoak errespetatuko dituena «modu demokratikoan» eta adierazitako eskaerekin uztartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.