Gernikako Agiriak estatuari eskaerak egitea bidegabetzat jo du Lopezek

Ezker abertzaleak ETArekin loturak hautsi arte, orain arteko politikarekin irmo jarraituko dutela berretsi du lehendakariak

joxerra senar
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
«Indarkeriarekiko ezin da distantziaz jokatu, irmotasunik gabe».ETB2 telebista kateari atzo gauean eskainitako elkarrizketan, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak Gernikako Agiria sinatu duten alderdiak akatsa egiten ari direla adierazi zuen. «ETAri su-eten bat eskatzen zaio baina ez zaio behin-betikoa izatea eskatzen, eta estatu demokratikoari, berriz, 11 exijentzia egiten zaizkio». Azken asteetan esandakoaren ildotik, Lopezek berretsi du ez dutela politika aldatuko, eta ezker abertzaleak urratsak egin arte itxaron egingo dutela: «ETArekin lotura apurtzen duten egunean etorriko da bakea argiztatuko duen inflexio puntua».

Ukatu egin du jarrera horrek bakegintzan haren gidaritza ezbaian uzten duenik: «Gizartearekin batera partekatzen dut, gizartea ari baita bakerantz bultzatzen». Haren ustez, legea eta segurtasun indarrak babestuz eta «printzipio demokratikoei eutsiz» adierazten da: «Akatsa egingo genuke demokratek amildegira jauzi egin behar dugula uste badugu, Batasunak halakorik egin gabe».

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak gai horretan duen ikuspuntuak ez diola deserosotasunik eragiten gaineratu du. Lopezen arabera, «funtsean» ados daude, Egigurenek egungo politika ez duelako auzitan jarri. Alabaina, ezker abertzalearen pausoak atzeraezinak direla edo etorkizunean egin beharko litzatekeena adieraztean bere ikuspuntua «itxaropenean» oinarrituta dagoela deritzo. «Gobernatzen denean, gertaeretan oinarritu behar da», esan du. «Gauzak diren bezala esan behar dut, eta ez nahiko genituzkeen bezala».

Pozik azaldu da ezker abertzalearen pausoen zein ETAren agirien aurrean alderdien artean «lehen aldiz nolabaiteko batasuna» dagoelako. «Zapaterok, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk gauza bera esaten dugu», dio. «Ez dago pitzadurarik», gaineratu du aurrerago.

Nazioarteko begiraleen beharrari buruz galdetuta, gutxietsi egin du joka dezaketen funtzioa: «Bakea Euskadin egingo da, euskal herritarren artean». Era berean, bakea eta askatasuna «printzipio demokratikoen aitortzatik» etorriko direla azaldu du.

Txori Barroteren inguruan Auzitegi Nazionalak ebatzi duenari buruz Lopezek gogorarazi du helegitea jarri dela, eta epai hori errespetatu egingo dutela erantsi du. Epaiak zigor arloan ondoriorik ez duela azpimarratu arren, esan du Eusko Legebiltzarrak onartutako biktimen legea dei egiten duela presoen argazkiak kentzera.

EAJk enplegu politika aktiboen eskumenaren transferentzia hitzartu ondoren, orain EAEko estatutuaren garapen osoa negoziatzen ari da Espainiako Gobernuarekin, eta horren aurrean, bere burua ez du bazterrean ikusten Patxi Lopezek. «Funtsezkoa da Espainiako aurrekontu orokorrak egotea, hori ona baita Euskadirentzat». Haren ustez, epe motzeko eta bata besteari hatza begian sartzeko jarrerak alde batera utzi behar dira. Ontzat jo du EAJk azken urtetan egungo eredua agortuta dagoela esan ostean, orain berriro estatutuaren alde egitea. «Transferentziak onak dira», azaldu du eta PPk Zapateroren aurka egiteko egin dion eskaera zentzugabetzat jo du.

Seaskari diru laguntzak kenduko zaizkion galdetuta, Lopezek esan du aurreko gobernuak Lapurdiko ikastolako eraikina eraberritzeko 1,1 milioi euroko laguntza hitzartuta zuela, eta konpromiso hori beteko dutela hiru urtetan ordainduta.

Nafarroan ETB Lurraldeko Telebista Digital bidez ikusteko negoziazioetan jarraituko duela aipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.