Azken astean atxiloketak bata bestearen atzetik etorri dira. Asteartean Ugaitz Errazkin eta Jose Javier Oses ustezko etakideak atxilotu zituzten Frantziako Albi herrian, eta ostiralean Antton Troitiño eta Iñaki Lerin Londresen hartu zituzten preso kargu berdinekin. Gernikako Akordioa izenpetu zuten eragileek argi hitz egin zuten atzo: «Atxiloketak egiteak ez du gatazka konponduko».ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitu ostean, era honetako ekintzak baztertu, eta «elkarrizketaren bidea» hartzeko eskatu diote Espainiako eta Frantziako gobernuei.
Gernikako Akordioak ez ezik, hango sinatzaile batzuek gogor salatu zituzten atxiloketak atzo, Donostiako Intxaurrondo auzoan egin zuten manifestazioan. Konponbide garaia da: Atxiloketa eta biziarteko espetxe zigorrik ez lelopean egin zuten martxa.
Baina euren eskaeren aurkako bidetik ari dira lanean bi gobernuak. Ostiralean eraman zituen Frantziako poliziak Errazkin eta Oses Laurence Le Vert epaile antiterroristaren aurrera, eta ETAko kide izatea egotzi zien biei. Ondorioz, fiskaltzak behin-behineko espetxeratzeko eskatu zuen bi auzipetuentzat.
Espetxealdi «ankerra»
Erresuma Batuan egindako atxiloketen harira, Donostiako hainbat eragilek esan dute Troitiñorekin «espetxealdiaren ezarpen ankerra» egin nahi dutela. 24 urtez eduki zuten preso Troitiño, hark eta joan den urtean aske utzi zuten arte. Kaleratu eta bost egun geroago, Parot doktrina aplikatu eta berriz ere espetxeratu nahi izan zuten, beste sei urte gehiago preso egin zitzan. Espainiako Auzitegi Nazionalak hura atxilotzeko agindua eman zuen, baina Espainiako Poliziak ez zuen aurkitu. Orduz geroztik ari ziren haren bila.
Orain berriz atxilotu dutelarik, «bizi guztian eduki nahi dute preso»; hala salatu dute eragileek. Eta ohartarazi dute ekarpen bakarra egin diola Espainiako Gobernuak orain arte bakearen eraikuntzan:«espetxe politikan atzerako urratsak egitea eta errepresio mekanismoak bere horretan edukitzea». Horregatik, egoera aldatzeko ,«gatazkaren aurkako erasoak salatzeko, herritarren aktibazioa» eskatu dute.
Gernikako Akordioa: «Atxiloketak egiteak ez du gatazka konponduko»
Errazkini eta Osesi ETAko kide izatea egotzi diete Frantziako auzitegiek, eta espetxeratu egin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu