Gernikako Akordioa gauzatzeko aski ez egitea egotzi die Aralarrek sinatzaileei

«Bakerako, legeztatzea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da indarkeria amaitzea», esan du Ezenarrok

Jon Abril, Aintzane Ezenarro eta Felipe Urkidi, atzo, Bilbon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gernikako Akordioan sinatutakoa praktikan jartzeko behar beste ez egitea egotzi die Aralarrek akordioa sinatu duten gainontzeko eragileei. «Akordioko puntu guztiak maila berean daude, eta indar berarekin eutsi behar zaie. Ez da nahikoa idatzi batean jasotzea; puntu horiek gauzatzeko lan egin behar da, puntu guztiak praktikara eramateko», adierazi du Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak. «Bakerako, legalizazioa bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da indarkeriaren zikloa amaitzea». Bide horretan lan gehiago egin behar dela uste du Aralarrek, eta ETAri indarkeria behin betiko amai dezala exijitzeko eskatu du. Erakunde armatuak igandeko agirian ez zuela hori esan ohartarazi, eta esan du ezin duela «ulertu» agiria ontzat jotzea.

Hala ere, Sortu legeztatzeko eskatuz larunbatean Bilbon egingo den manifestazioari «atxikimendu osoa» ematen diola azaldu du Jon Abril Aralarren koordinatzaileordeak. Legez kanporatzearen aurka dagoela eta hauteskundeetan egoteko duen eskubidearen alde egiten duela, «beti bezala». Ezenarrok jakinarazi duenez, «ezin zaio eskatu politikan aritzea eta politikan aritzeko atea itxi».

«Baina bakerako gauza gehiago behar dira; beharrezko da indarkeria guztiak amaitzea. ETA behin betiko desagertzeaeta tortura indargabetzea», esan du Abrilek. «ETAk ez du oraindik hori egin, eta, beraz, ezin dugu ulertu ontzat jotzea ETAren azken agiria. Ez du oraindikGernikako Akordioa bere egin, eta, beraz, akordioan hitzartu genuena betetzeko eskatu behar zaio».

Espainiako eta Frantziako estatuek indarrean duten politika aldatu beharko dutela ere ohartarazi dute Ezenarrok eta Abrilek. Torturak amaitzeko eskatu diote Espainiari, «atxiloketa bidegabeak» amaitzeko eta espetxe politika aldatzeko. «Indarkeria amaitzen denean» presoak «pixkanaka» kaleratzen hasi beharko dutela ere ohartarazi dute. Halaber, «mota guztietako mehatxu eta jazarpenak» bertan behera uzteko eskatu die alde guztiei.

Biktimengana hurbiltzea

Indarkeriak eragindako biktimen gaia behar beste ez dela lantzen salatu du Ezenarrok. Gernikako Akordioak biktima guztiak aintzat hartzen dituela eta hori «mugarria» izan dela adierazi du. «Baina Gernikako Akordioaren barrenean ez da nahikoa egiten». Hori dela eta, Aralarrek «iniziatiba hartu», eta horiengana gerturatzeko ekimenak egingo dituela jakinarazi du. Eusko Legebiltzarrera joko du. Legebiltzarkideak azaldu duenez, aurrekaririk ez duen proposamen bat aurkeztuko du biharko saioan. Poliziek eragindako biktimak ere biktima gisa onartzea proposatuko du, eta PPk eta PSE-EEk ere onartuko dute proposamena. Proposamena dekretu bihurtzea nahi du Aralarrek, eta biktima guztien aitorpena hori urtebeteko epean diru ordainetan gauzatzea.

«Bake iraunkorra» bilatu behar dela ohartarazi dute Ezenarrok eta Abrilek, eta, horretarako, alde guztiek «iraganaren azterketa kritikoa» egin behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.