Herrialde katalanetako alderdi independentistek babesa eman diote Gernikako Akordioari. Itunaren sinatzaile batzuk Bartzelonan izan ziren atzo, akordioaren nondik norakoak azaltzen, eta Euskal Herrian sortu den egoera berria sostengatzeko babesa azaldu zieten hainbat katalanek.
Ezker abertzaleko Pernando Barrena,EAko Lorena Lopez de Lacalle, Aralarreko Rebeka Ubera, Alternatibako Oskar Matute, LABeko Igor Urrutikoetxea, EILASeko Josu Zalbidea, Egin Dezagun Bidea mugimenduko Jon Garai eta Gazte Abertzaleetako Maider Karrere izan dira Bartzelonan. ERC, ICV, SI eta CUP alderdietako kideekin bilerak egin zituzten, Parlamentuan. Arratsaldean bilera gehiago egin zituzten beste eragile batzuekin, eta 18:30ean herritarrei aurkeztu zieten akordioa, mahai inguru batean. Han ere babes zabala jaso zuten.
ERC, SI eta CUP alderdietako kideekin elkartu ziren aurrena. Bileraren ostean, ERCko Pere Aragonesek, CUPeko Marc Sallasek eta SIko Toni Strubellek agiri bat atera zuten. Ontzat jo zuten Gernikako Akordioa: «Baikortzat jotzen dugu tradizio eta kultura politiko desberdinetako eragile politiko, sindikal eta sozialak batzea Euskal Herrian bake eta normalizazio demokratikoko egoera bat sortzeko». Hala, Akordioan jasotzen den bezala, bakerako bidean elkarrizketa politikoak abiatzeko eskatu dute, eta, horretarako, «indarkeria guztiak desagertzea» galdegin dute.
Espainiako Gobernuari eskaera zehatzak ere egin dizkiote: errepresioa bertan behera uzteko, indarrean dagoen eta euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika aldatzeko, alderdi politiko guztiak legeztatzeko eta jarduera politikoagatik preso dauden pertsona guztiak libre uzteko, hain justu.
Horretaz gain, gizarteari «indarra, gertutasuna eta itxaropena» erakutsi dizkiote, «oztopo guztiak gainditu eta aurrera jarraitzeko».
Hiru alderdi horietako ordezkariekin bilera egin ostean, ICVko Dolors Camats, Jaume Bosch eta Jordi Mirallesekin egin zuten bilera Gernikako Akordioko kideek.
Eskerrak babesagatik
Bileren ostean, prentsaurrekoa eman zuten Gernikako Akordioko kideek zein diputatu katalanek, Parlamentuan bertan. Lorena Lopez de Lacallek, katalan hutsez, eskertu egin zituen legebiltzarkideek adierazitako «elkartasuna eta eskuzabaltasuna». Elkartasun hori betikoa izan dela azpimarratu zuen, gainera. Gernikako Akordioa bakera iristeko jarraitu beharreko ibilbide orria dela gaineratu zuen.
Oskar Matutek ere hartu zuen hitza. Espainiako eta Frantziako gobernuak kritikatu zituen, oraindik ez dutelako bete Akordioan eskatzen den puntu bakar bat bera ere. «Euskal Herriari ezartzen dioten salbuespen egoera indargabetu gabe jarraitzen dute». ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman ostean Euskal Herrian itxaropen garaiak direla azaldu zuen, baina ohartarazi zuen ez dela agerian ikusi gatazkaren amaierara doan «urrats argirik». Alderdien legez kanporatzeak amaiera izan behar duela esan zuen, eta euskal presoak berehala Euskal Herriratzeko eta gaixo daudenak zein zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak libre uzteko exijitu.
Pere Aragones ERCko diputatuak «babesa, elkartasuna eta onena» opa dizkio Gernikako Akordioari. Akordio horrekin Euskal Herria bakera eta erabakitzeko eskubidera iristea nahiko lukeela adierazi zuen. Toni Strubell SIko diputatuak, bestalde, Euskal Herriko gatazkari dagokionez «demokrazia falta» egotzi zion Espainiari. Akordioa goraipatu zuen, «batasuna» lortu duelako. Horretan Herrialde Katalanetan ere saiatu beharko liratekeela uste du, gainera. CUPeko bozeramaile Marc Sallasek ere hitz egin zuen. Elkartasuna adierazi zion euskal gizarteari, hark baitu, bere esanetan, «gehien sufritu eta Estatuaren kontra gehien borroka egin». Datozen urteak pasa dena bezain emankorrak izatea espero du.
Gernikako Akordioak babesa jaso du Katalunian
Itunaren ordezkaritza bat Bartzelonan izan da, eta ERC, ICV, SI eta CUP alderdietako kideekin bildu da ParlamentuanArratsaldean herritarrei aurkeztu diete akordioa, mahai inguru batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu