politika

Gernikako Akordioak dio Espainiak eta Frantziak "entzungor" eginez segitzen dutela

Barne ministroek "ezinbesteko baldintza" gisa ETA desegitea jarri izana salatu du bilguneak. 'Atxiloketarik ez. Konponbide garaia da' lelopean Errenterian eta Ondarroan elkarretaratzeak izango dira bihar.

2012ko maiatzaren 30a
14:16
Entzun

Gernikako Akordioaren arabera, "Espainiako eta Frantziako estatuek ETAren borroka armatua amaitu izan ez balitz bezala jokatzen dute, azken atxiloketek adierazten duten moduan", eta, ondorioz, uste du garai berri honi muzin egin eta eragileen eskaerei "entzungor" eginez segitzen dutela.

Atzo, esaterako, Jorge Fernandez Diez Espainiako Gobernuko Barne ministroak eta Manuel Valls Frantziakoak esan zuten ETA desegitea "ezinbesteko baldintza" dela ezer aldatzeko.

"Jokabide hori larria da, eta Euskal Herriko gizarte gehiengo zabalaren bake nahia behin eta berriz zapuzten du", salatu du Gernikako Akordioak gaur, prentsa ohar baten bidez. "Blokeo egoera gotortzen dituzten jokabideak behin betiko bertan behera uzteko eta elkarrizketaren bideari heltzeko deia egiten diegu bi estatuei. Elkarrizketa baita bake bide bakarra".

Xedea indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikoan aurrera egiteko ekarpenak egitea dela esan du eragile politiko, sindikal eta sozialen bilguneak, eta dio ETAk hori bete egin duela.

Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu ustezko etakideen atxiloketak salatzeko elkarretaratzeak deitu ditu biharko, Atxiloketarik ez. Konponbide garaia da lelopean, Errenterian (20:00, Herriko plaza) eta Ondarroan (20:00, Alameda).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.