"Gatazka politikoa aterabide demokratikoetara eramateko aukera berri bat" sortu zela iritzita, 2010eko irailean "bake biderako oinarriak" adostu zituzten politika, gizarte eta sindikatuen arloko 28 eragilek —ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, ABk, LABek...—, Bake bidean. Aterabide demokratikoen akordioa izeneko agirian. 'Gernikako Akordioa' bezala ezagutu izan da eta, besteak beste, euskal presoen arloan eskaerak finkatu zituzten.
Iazko urrian, berriz, Donostian Aieteko Nazioarteko Konferentzian Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak "gatazkaren konponbidea sustatzeko" ebazpena atera eta hasieratik pausoak zehaztu zituzten. Besteak beste, argi zioten "gatazkaren ondorioez" ere hitz egin beharko dela.
Gernikako Akordioa (2010-09-25)
"Euskal Herria gatazka politikoa eta indarkeria bake bidera eta aterabide demokratikoetara eramateko aukera baten aurrean aurkitzen da. (...) Horrelako prozesu baten testuinguruan, non bake eta normalizazio politiko nahikoak lortuak egongo diren, ezinbestekoa izango da elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko.
Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin:
- Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz.
- Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea.
- Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea.
- Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea.
- Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe.
- Zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea".
Biktimak ere aipatzen zituzten: "Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori". Eta iazko abenduan adierazpen bat plazaratu zuten biktimei buruz.
Aieteko Konferentzia (2011-10-17)
"Euskal Herrira etorri gara gaur Europako azken konfrontazio armatua behin betiko gainditzeko garaia iritsi dela eta posible dela pentsatzen dugulako. (...) Berrogeita hamar urte baino gehiago iraun duen biolentzia amaitu, eta bake iraunkorra eta justua eskuratzeko aukera une honetan bideragarria eta eskuragarria da.
- (...) 2. Adierazpen hori egingo balitz [ETAren bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa], dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko". Ebazpena osorik