konpoNBIDEARI BEGIRA

Gernikako Akordioak Europari gatazkaren konponbidean zuzenean inplikatzeko eskatu dio

Ordezkaritza bat Estrasburgora joango da asteartean, "EBko goi ordezkari nagusiei" gutun bat emateko.

2012ko abenduaren 7a
18:34
Entzun

"Euskal Herrikoa Europako azken gatazka politikoa dela kontuan hartuta", Gernikako Akordioaren sinatzaileek Europako Batasunari gatazkaren konponbidean "zuzenean" inplikatzeko eskatu diote, gaur Donostian egindako prentsaurrekoan iragarri dutenez.

"Gatazkak eta haren ondorioak pairatzen dituztenak Europako herritarrak dira, beren giza eskubideak urratuak izaten ari dira, eta uste dugu Europako Batasunak zuzenean inplikatu beharra daukala", esan dute.

Gernikako Akordioaren ordezkaritza bat Estrasburgora joango da asteartean, "Europako Batasuneko goi ordezkari nagusiei eskaera zehatz hauek barnebiltzen dituen gutuna emateko".

Eskaerak

"1. Europako Batasunak gonbidapen zuzena helarazi diezaiela Espainiako eta Frantziako estatuei, Euskal Herriko gatazkaren ondoriei aurre egiteko; eta horretarako, gatazkak konpontzeko nazioarteko estandarrak oinarri bezala har ditzatela.

2. Aurreko eskaera aintzat hartzen ez badute, Europako Batasunak berak har dezala gatazkaren ondorioak konpontzeko prozesuaren gidaritza, Euskal Herrikoa Europako gatazka izanda, tartean dagoen erakundea delako.

3. Estatuek giza eskubideak errespetatzeko, salbuespenezko legediarekin amaitzeko eta Giza Eskubideen Epaitegiak emandako sententziak betearazteko deia egin dezala Europako Batasunak".

Bi estatuak, "entzungor" 

Gernikako Akordioak esan du ETAk jarduera armatua bukatu zuen arren Espainiako eta Frantziako estatuek "entzungor" jarraitzen dutela Aiteko Bake Konferentziaren ondorioen edukien aurrean eta Euskal Herriko gizartearen gehiengo zabal baten eskakizunen aurrean.

"Are gehiago, indarkeria polizialarekin jarraitu dute, arrazoi politikoko atxiloketak eta espetxeratzeak agindu dituzte, salbuespenezko legedia mantendu dute, tortura kasuak eman dira. Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak emandako ebazpenak ere ez dituzte aintzat hartu eta bete, Parot doktrinaren kasuan agerian geratu zen bezala".

Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek duela bi urteko irailean aurkeztu zuten Gernikako Akordioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.