Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek Espainiako Poliziak atzo Oihana Agirre Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea atxilotu izana salatu dute gaur, prentsa ohar baten bidez, eta "eskubide politikoen aurkako eraso larri" gisa hartu dute. "Areago, testuinguru politiko honetan, bakea eta konponbidea eraikitzeko prozesuaren aurkako erasoa da. Kondena eta atxilotze honek ez dute inolako heldulekurik, ez eskubideen ikuspegitik, ez justizia ikuspegitik, ez eta demokrazia ikuspegitik ere".
Atzo gauean atzeman zuten Agirre, Donostian. Duela egun batzuk Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Auzitegi Nazionalak haren aurka jarritako zortzi urteko kartzela zigorra, eta handik aurrera une batetik bestera atxilotuko zuten jakitun zen Agirre.
Atxilotuko zuten jakin baino lehenagotik deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur Donostiako auzitegiaren aurrean, Egia auzoan. Gernikako Akordioak mobilizazioetan parte hartzeko eskatu die herritarrei.
Itunaren sinatzaileek gogoratu dute Agirrek berak izenpetu zuela Gernikako Akordioa AAMko ordezkari bezala. "Akordioak jasotzen dituen printzipioekiko eta marrazturiko bide orriarekiko konpromiso osoa erakutsi du Oihanak. Horrez gain, hark zuzenean parte hartu zuen Aieteko konferentzian. Azken batean, Euskal Herrian konponbide osoa eman dadin eta bake egoera bat ezar dadin lan egin du, akordio honetan biltzen garen beste eragile askorekin batera".