Gernikako Akordioaren sinatzaileekin elkartzeko asmoa berretsi du EPPK-k

Hileko azken ostiralarekin, hainbat herritar batu dira euskal presoen eskubideen alde

Presoen eskubideen alde milaka lagun bildu ziren urtarrilaren 8an Bilbon eginiko manifestazioan. J. RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioaren sinatzaileekin biltzeko asmoa dela berretsi du, BERRIAk jaso duen gutun baten bidez. «Ea, bada, oztopo guztien gainetik, eskatu izan dizuegun harremana berehala abiatzen dugun, elkarren berri izan, dinamika bat sortu eta jarrera bateratu eta eraginkor bati ekin», dio gutunak, Gernikako Akordioaren izenpetzaileek gaurko Donostian antolatu duten ekitaldian irakurtzeko berariaz eginikoak.

«Pozik, besoak zabalik eta bidea elkarrekin egiteko prest» dagoela adierazi die EPPK-k izenpetzaileei.

Etorkizunari begira itxaropentsu daudela diote euskal presoek gutunean. Itxaropena garai berrian eta Gernikako Akordioan bildutako indarrean ikusten du EPPK-k. Kolektiboaren «estatus politikoa» aitortzea nahi du EPPK-k, eta testuinguru horretan «espetxe politika Euskal Herriari inposatu zaion gatazkaren konponbide klabean lerrokatu beharra» ikusten du. Hala, estatus politikoa «prozesuaren osagaiak izan behar diren gutxiengo baldintza demokratikoetan» kokatu behar dela deritzo. Indarrak biltzeko eskaera ere egiten du, «Euskal Herriaren etorkizuna euskaldunona izan dadin».

Gernikako Akordioaren izenpetzaileek aste honetan bertan adierazi dute EPPKrekin biltzeko asmoa. Bilera, «Huelvatik Bretainiaraino», edozein kartzelatan egiteko borondatea ere erakutsi dute.

«Elkartasunaren hilabetea»

Hilero bezala, euskal preso eta iheslarien aldeko azken ostiraleko elkarretaratzeak egin ziren atzo Euskal Herriko herri eta auzo ugaritan. Besteak beste, Zarautzen 185 herritar bildu ziren, Irunen 80, Azpeitian 78, Bakion 50, Leitzan 50, Eskoriatzan 50, Zaldibian 45, Hondarribian 44, Arrigorriagan 41, Zeberion 35, Irurtzunen 25, Zaratamon 18 eta Sondikan 7.

Atzoko elkarretaratzeetan,otsaila, «elkartasunaren hilabetea» izan dela adierazi du Etxerat-ek. Askapenak eta Euskal Herriaren Lagunak elkarteak antolatutako Elkartasun Astearen arrakasta jarri du horren adibide, baita ere Ipar Euskal Herrian itxialdia hasi duten gazteek jaso duten babes zabala .

Gernikako Akordioaren ordezkaritza batek EPPKrekin biltzeko adierazi izana ere txalotu du Etxerat-ek. Bilera horien bitartez, «EPPK-k abian den prozesuan izango duen parte-hartzea bermatzea» espero duela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.