Luze jo du auziak, baina, azkenean, Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsi egin du Santiago Pedraz epailearen erabakia, eta artxibatu egin du Dignidad y Justicia taldeak Gernikako alkate Jose Maria Gorroño alkatearen aurka jarritako salaketa. Plataformaren iritziz, "terrorismoa goratzea eta zuritzea" izan zuen helburu Gernikako Udalak ezker abertzaleko buru Arnaldo Otegiri eta PSE-EEko kide Jesus Egigureni emandako sariak. Argudio hori, ordea, atzera bota du auzitegiak, nabarmenduz aurkakoak diren ideologiak "elkartzea" izan zela ekitaldearen xedea, "bakea eta adiskidetzea bultzatzeko, zeintzuk zail diren aurkitzen Espainiako gizartean".
Auzitegiak nabarmendu du ez zutela Otegi saritu "kartzelan egoteagatik edo ekintza terroristetan parte hartzeagatik", baina zehaztu du sariak emateko unean eragina izan ohi duela epaimahaiaren "gogo egoerak", eta, beraz, "hutsak" gerta daitezkeela sariduna aukeratzeko orduan. "Baina besterik da esatea merezi ez duena edo aurkakoa merezi duena saritu dela".
Salaketaren berri izandakoan, Gorroñok berak azaldu zuen "bakearen alde eginako lana" saritu nahi izan zutela, eta ukatu egin zuen bestelako asmorik izatea.
Iazko apirilaren 26an jaso zuten saria Otegi eta Egigurenen alabek, Gernikako bonbardaketaren 76. urteurreneko ekitaldian.