Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erreferendumez Gernikako Estatutua onartu zutela ospatzeko jaiegun ofiziala izango da, gaur, hiru lurralde horietan, Eusko Jaurlaritzak aurtengo lan egutegian ezarritako jaiegunen barruan.
Badira egutegi ofizialari jaramonik egin gabe lan egingo dutenak gaur, Gipuzkoako foru gobernuak adibidez, atzo iragarri baitzuen ez dutela jairik egingo. Martin Garitano ahaldun nagusia, gainera, ez da joango Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldira.
Badira, dena den, atzo ere jai egin zutenak, Eusko Legebiltzarrean, adibidez. Mikel Arana EBko legebiltzarkideari jazo zitzaion; lanera joan zen, baina bulegoak itxita aurkitu zituen.
Jai egin edo ez, adostasunik gabeko jaieguna izango da egutegian lehen aldiz gorriz markatutako urriaren 25 hau.
Sari banaketa
Eusko Jaurlaritzak iluntzean egingo du «Euskadiren Eguna» ospatzeko ekitaldia. Sari banaketa bat eta adierazpen instituzionala izango ditu.
Patxi Lopez lehendakariak zuzenduko du ekitaldi instituzionala, eta, besteak beste, Gernikako Arbolaren Gurutzea emango dio Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiari. Eusko Alkartasunak, ohar baten bidez, adierazi du ordezkaritza bat bidaliko duela Garaikoetxeari laguntzeko, «ohore handia baita lehendakariari laguntzea frankismo ondorengo lehen urteetan egin zuen ekarpena aitortzen dion ekitaldi batera», baina ez duela bat egingo estatutuaren ospakizun ekitaldiarekin, «are gutxiago, orain, gehiengoaren apustua Euskal Herriaren erabakitze eskubidea gauzatzearen aldekoa denean».
Ekitaldi instituzionalean Lan Onari eta Lagun Onari sariak ere banatuko ditu Jaurlaritzak.
EAJ Gernikan
EAEko Estatutuak izentzat duen herrian egingo du EAJk biharko ekitaldi nagusia. Gernikako Batzar Etxean EBBko lehendakari Iñigo Urkulluk estatus politiko berriaren proposamena aurkeztuko du. Estatus politiko berria da, hain zuzen ere, EAJk Espainiako Legebiltzarrera hurrengo legealdira eramango duen programaren ardatzetako bat. Aurreko egunetan azaldu duenez, EAJk nazio izaeran oinarritutako estatus politikoa eskatuko du, «akordioan eta itunean oinarrituta», eta «betiere, aldebiko berme juridikoarekin».
Euskal Herria Ezkerretik
Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak ere, Euskal Herria Ezkerretik agiria izenpetu zutenek, Gernikako Estatutuaren urteurrena aprobetxatuko dute, hura gaindituta dagoela eta beste agertoki bat behar dela aldarrikatzeko.
Goizean dute jarria hitzordua prentsarekin, «Autonomi Estatutuaren Egunean, Euskal Herriaren nazio onarpena eta erabakitzeko eskubidea aitortuko dituen agertoki demokratikoaren aldarrikapena egiteko».
Nazio onarpena eta erabakitzeko eskubidea Bildu koalizioak aldarrikatu zituen atzo, Estatutuaren Egunari begira egin zuen agerraldian. Bilduren ustez, Gernikako Estatutuaren urteurrenaren ospakizuna estatutu horren «heriotza agiria baino ez da»: «Estatutua agortuta dago, erabat gaindituta dagoen egoera politikaren isla da». Euskal Herriak esparru berri bat behar du, koalizioaren ustez, Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntza gaindituko dituena, horiek biek «herriaren asimilazioa beste helbururik ez dutelako izan».
«Gizartearen gehiengoak herritarren borondatea errespetatuko duen esparru juridiko politikoaren aldeko apustua egin du, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea errespetatuko duen esparrua eskatzen du», adierazi zuten. Esparru horrek, Bilduk adierazi zuenez, «gizartearen gehiengoaren nahiari erantzun behar dio, eta alderdi politikoen arteko elkarrizketatik eta adostasunetik iritsi behar da, inolako beto eta bazterketarik gabe».
Gernikako Estatutua gainditzeko eskatuko dute gaur alderdi gehienek
Sariak banatuko ditu Eusko Jaurlaritzak; estatus berria eskatuko du EAJk; lana egingo du Gipuzkoako foru gobernuakErabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu