Politika

Gernikako Estatutuaren balorazio desberdina egiten dute alderdiek

Ostiral goizero bezala, solasaldia egin dute, gaur ere, EB-Berdeakeko Milek Aranak, Batasunako Pernando Barrenak, PSE-EEko Ramon Etxezarretak, EAko Xabin Intxaurragak, eta EAJko Markel Olanok, Euskadi Irratian. Besteak beste Gernikako estatutuaz aritu dira, eta ez dira oso ados jarri. Barrenak dio "arazo estrukturala" ez dela aldatu; Etxezarretak dio berdin jarraitzen duen gauza bakarra ETAren borroka armatua dela; Olanok eta Intxaurragak esan dutenez, aurrerapausoak eman dira, baina gatazka politikoa ez da gainditu; eta Mikel Aranak esan duenez, berriz, gizarteak aurrerapausoak ematen dituen heinean arauak ere aldatu egin behar dira.

2004ko urriaren 22a
17:17
Entzun
Orain 25 urte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Gernikako Estatutua onartu zenean eta orain "arazo estruktural berdinak" daudela esan du Batasunako bozeramaile Pernando Barrenak. "Estatutuak utzi ditu tresna batzuk, baina lehen genituen arazo estruktural berdinak ditugu, gatazkaren izaerari, iraupenari eta konponbide beharrari dagokionean".

PSE-EEko Ramon Etxezarretak kontra egin dio, ordea. Etxezarretak esan duenez, orain 25 urte eta orain berdin jarraitzen duen gauza bakarra ETAren borroka armatua da. "Talde armatu batek jarraitzen du helburu politikoak ezarri nahian". Estatutuak bere hobekuntza eta aldaketa ekarri zituela azpimarratu du.

Markel Olano, EAJkoak bai Barrenari eta bai Etxezarretari eman die arrazoia, eta baita kendu ere. "Ospakizuna eta errepaso kritikoa egin behar dira", esan du. "Aurrerapausoak eman dira, baina egia da herri honetan dagoen gatazka politiko bortitza bere horretan mantentzen dela, baldintzak aldatu diren arren". EAko Xabin Intxaurraga ere ados azaldu da Markel Olanorekin, nahiz eta hori azaltzeko adibide ezberdinak jarri dituen.

Mikel Aranaren ustez "fruitu onak eman ditu Gernikako Estatutuak, eta bere errekonozimendua merezi du". Hala ere, gizarteak aurrera pausoak ematen baditu arauak ere aldatu egin behar direla iritzi dio. Beraz, "gizartearen borondatea jaso behar da, arau berriak ipintzeko"

Eskuduntzak

Etxezarretak dio "estatutua tresna ona izan da eta izan daiteke, eta hobeak ere izan daitezke". Hala ere, esan duenez, estatutuaren balioa eskuduntzen arabera zalantzan jartzea bada kontua, hori kudatzen dutenen errua ere izan daitekeela azpimarratu du.

Markel Olanok laburtu duenez, alderdi guztiek azterketa desberdina egiten dute. "Horri konponbidea nola eman pentsatu behar dugu. Batzuk egiten dugun apustua elkarrizktaren aldekoa da, eta hor badaude beste jarrera batzuk, legeak bortizki ezartzen dituztenak alde batetik, etaestatusa indarrez aldatu nahi dutenak bestetik. Hori ez da gauzak egiteko modua gure iritzian. Blokeo egoera hau gainditu egin behar da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.