EAJko parlamentari Ricardo Gatzagaetxebarriak Radio Euskadin eginiko elkarrizketan Gernikan aurkeztutako akordioa «urrats garrantzitsua» dela azaldu du. Dokumentua «herrialde honetan egon diren biktimen konponketarako deia» dela nabarmendu du. Ziklo politiko horren aurrean, alderdi politikoak egoeraz baliatu behar direla eta ezker abertzaleari hartu duen bidea jarraitzen lagundu behar zaiola azaldu du.Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak «garrantzi handia» dutela eta «jarrera malguagoa» izan behar dutela iritzi dio, «egoera politiko berrian mugitzeko eta iritzi politiko guztiekin hitz egiteko».
Gatzagaetxebarriaren aburuz, ezker abertzalearen barnean sortu den mugimendua azaltzeko arrazoi bikoitza dago: batetik, «iritzi politikoak bide demokratikoetatik eta baketsuetatik defendatu behar direla sinesten dute batzuek»; eta, bestetik, «sektore gogorrenak, intrantsigenteenak, edo ETAk berak, poliziaren neurriekin ahuldurik daudenez, erdibidea edo trantsiziozko jarrera hartu dute». Gatzagaetxebarriaren arabera, «ETA gutxiago» dagoen heinean, ezker abertzaleak «indar gehiago» du.
Ezker abertzalea ildo politiko eta baketsuen alde agertu izana «berritasun politiko» bezala definitu du Iñigo Urkulluk, Deia egunkarian egindako elkarrizketan. Geldirik geratu beharrean «iniziatiba hartzeko garaia» dela eskatu dio Zapaterori. EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen iritziz, ezker abertzaleari lagundu egin behar zaio «ETAri esan behar diona esateko erabakia har dezan; eta era horretan EAEko eta Nafarroako foru eta udal hauteskundeetan aurkezteko aukera izan dezan».
EAJ Alderdien Legearen aurka dagoen arren, eta ezker abertzalea legeztatzearen alde dagoen arren, Zapaterorekin horren inguruan ez duela hitz egin gaineratu du Urkulluk. Hori egin beharrean, gobernuburuari «euskal gizartearen gehiengoa errespetatzeko hausnarketa egiteko» eskatu diola esan du, eta beharrezkoa dela «pausoak ematea iritzi ideologiko guztiak bozetan egoteko». Halaber, ez du argi ikusten ezker abertzalea maiatzeko bozetara iritsiko denik. Abertzaleek ETAri erantzun bat emateko gero eta denbora gutxiago dutela adierazi du. «Ez dago beste aukerarik».
Aralarren oniritzia
Aralarreko Hegoaldeko Batzarrak, berriz, berretsi egin duezker abertzalearekin, EArekin, Alternatibarekin eta ABrekin adosturiko Bake Bidean. Aterabide demokratikoen akordioa.
Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, izenpetu duten akordioaren helburua «herri honen bakegintzarako printzipioak ezartzea da». Adierazi du Euskal Herriak bakea behar duela. «Guztion artean irabazi behar da», azpimarratu du.
«Ezker abertzaleko sentsibilitate guztiak bakearen protagonistak ez ezik, sustatzaileak izan» behar dutela azaldu du Zabaletak. Lortu beharreko bakea aldebakarrekoa eta ordainik gabea izatea garrantzitsua dela uste du:«Bakearen truke zerbait lortuko bagenu, gainontzekoa lortzeko ateak itxiko litzaizkiguke».
Zabaletak azaldu du sinaturiko akordioan Aralarren ekimenez eskatzen dela biktimen aitortza eta arrazoi politikoengatik jazarpenak bertan behera uztea, baita salbuespenezko lege, neurri, eta epaitegiak deuseztatzea eta preso politikoen amnistia ere.
GERNIKAKO ADIERAZPENA
Gernikako ituna urrats garrantzitsutzat jo du EAJk
Aralarreko hegoaldeko batzarrak berretsi egin du ezker abertzale, EA, Alternatiba eta ABrekin hitzartutako akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu