Politika

Gernikako juntetxean ere jarri dute Espainiako bandera

Bizkaiko Batzar Nagusietan Espainiako ikurra jartzearen aurka agertu dira ezker abertzalea, EA eta Aralar.

Busturialdeko Hitza
2009ko apirilaren 28a
11:59
Entzun
Orain dela hilabete batzuk Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko egoitza ofizial guztietan Espainiako bandera jartzera derrigortzen zuen epaia eman zuen. Joan den astean Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan jarri zuten bandera hori eta, domeka eta atzo artean Gernika-Lumoko (Bizkaia) Batzar Etxean egin dute gauza bera, juntetxean.

Bizkaiko ezker abertzalea, EA eta Aralar aurka azaldu dira. Hain zuzen, soilik ikurrina jartzearen aldeko proposamena aurkeztu dute EAk eta Aralarrek, osoko bilkuran eztabaida zezaten.

"Ikurrinak Bizkaiko eta Euskal Herriko herritar guztiak irudikatzen ditu; beraz, Batzar Nagusien egoitzetan egon behar den bandera bakarra da", esan du Joseba Gezuraga Bizkaiko ganberan EAko bozeramaileak. Aralarrek Espainiako bandera non grata aitortzea eskatzen du.

Orain arte Batzar Nagusiek ez dute inolako iritzirik agertu Auzitegi Gorenaren erabakiaren gainean. Gezuragaren ustez, "honek argi uzten du sententziaren ikuspegi ez demokratikoa". EAko bozeramaileak azpimarratu duenez, "bandera guztiak errespetatzen ditugu, baina argi dago Espainiako ikurra jartzean euskal gizartean banaketak ematen direla, ez dituelako herritar guztiak batzen".

Hari beretik, Bizkaiko ganbaran Aralar taldearen bozeramaile Iosu Murgiak Espainiako bandera jartzea "onartu ezineko inposaketa" dela aipatu du, "ez duelako Bizkaiko herritarren sentimenduarekin bat egiten". Ildo horretatik jarraituz, Gezuragak Espainiako bandera jartzea euskal erakundeen subiranotasunari eginiko erasoa dela dio: "Espainiako erakundeen inposaketa da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.