Norabidea argi markatuta zegoen duela hilabete batzuk, baina azkenaldian egiten ari diren urratsak eta bidean jartzen ari diren mugarriak argiago ikustarazten ari dira. Norabide argia duen lerroa osatu dute: esku-sartzerik, bidegabekeriarik edota indarkeriarik gabeko eta negoziazioan eta akordio politikoan oinarritutako prozesua. Aro berri bat, aurreko saioetan oinarria duena baina oraingoan behin betiko izateko borondatea duena. Ekintza armatuen etenaldiaren iragarpena, eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazio debekatua, Bruselako Adierazpenaren sinatzaileei ETAk urratsak adosteko agertutako prestasuna, sinatzaileek erantzuteko konpromisoa, Gernikako akordioa bake bidearen oinarrien inguruan, ETAren elkarrizketa, debekuen kontra eta eskubideen aldeko manifestazio berria... Gertaera sorta bat, benetako aukera gorpuzten ari delako seinale. Gernikako akordioak estadio berri bat marraztu du, akordioaren zabaltasunagatik eta edukiagatik. Batetik, normalizazio prozesuaren hastapeneko oinarrizko edukiak finkatu ditu, eta, bestetik, aurrera begira, elkarrizketa eta negoziazio prozesua garatu beharreko printzipio eta baldintzak zehaztu ditu.
Bide orri osatu eta argi bat eskaini dute sinatzaileek. Une honetan, parekorik ez daukana. Abiapuntuaren oinarriei dagokienez, zoru demokratikoa eraikitzeko zortzi zutabe zehaztu dituzte (su-etena, eskubide zibil eta politikoak, mehatxurik eza, presoak...). ETAren su-etena definitu dute: nazioarteko komunitateak egiaztatzeko modukoa, iraunkorra, aldebakarrekoa eta «jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa». Formulazio honen bidez, norabidea argi utzi dute, baina denbora aldetik malgu jokatuz, prozesu izaera balioetsiz.
Akordioaren bigarren zatiak osatzen du bide orria, eraiki beharreko elkarrizketa eta negoziazio prozesuaren printzipioak, baldintzak eta edukiak finkatzen dituelako. Indarkeria guztien desagerpena baino haratagoko ibilbidea argi zirriborratu dute.
Bi multzo irudikatu daitezke une honetan: batetik, Gernikako akordioaren inguruan bildu direnak, eta, bestetik, mugitzen hasteko gutxieneko baldintza su-etenaren behin betikotasuna jartzen dutenak. Ados proposamenarekin tarteko espazio bat bilatu arren, bigarren multzoan kokatu da EAJ, Espainiako Gobernua eta PSOErekin batera. Eta lerrokatze horrek tirabira eragin du alderdi jeltzaleren barruan, bi foru ahaldun nagusik ezker abertzalearen apustua ontzat joz egindako adierazpenek erakusten dutenez.Gernikako ekimenaren inguruan, jokoz kanpo eta herritarrengandik urrun gelditzeko arriskua nabari dute.
Analisia
Gernikako kimua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu