KARTZELAK

Gero eta gehiago...

Euskal Herriko espetxeetako preso kopuruak %20 inguruko hazkundea izan du 2002tik, eta gaur egun 1.583 preso daude

GASTEIZ
2004ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herriko espetxeetako preso kopurua %20 inguru hazi da bi urtean. 2002. urtean 1.300 preso inguru zeuden guztira Basauri, Iruñea, Langraitz, Martutene eta Baionako kartzeletan; aurtengo maitzaren amaieran, berriz, 1.583 pertsona ziren preso.

Ez da gertaera isolatua, nazioarteko azkenaldiko joera baita espetxeratutakoen kopuruaren gorakada, datuek argiro diotena. Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, 500 preso zeuden 100.000 biztanleko 1994. urtean, baina hamar urteren buruan bikoiztu egin da kopurua: gaur egun mila pertsonatik bat da preso, eta, orotara, bi milioi daude kartzeletan.

Espainian ere, berdin, preso kopurua bi aldiz handiagoa baita egun duela 15 urte baino. Era batera edo bestera presoen alde dihardutenen irudiko, egoerak zerikusi argia du azkenaldion ustezko segurtasunik ezaren aitzakiarekin munduan ugaritutako lege zigortzaileekin. «Arrazoia da PPk iaz onartutakoek kartzeletako sarrera zabaldu egiten dutela; irteera, berriz, estutu egin dute», interpretatu du Iruñeko abokatu Manuel Ledesmak.

Salaketa hori orokorra da Euskal Herrian, ez soilik gizarte mugimenduena. Euskal Autonomia Erkidegoko jarduneko Ararteko Mertxe Agundezek, adibidez, auzitan jarri du hartutako bidea: «Oso litekeena da datozen hilabeteetan preso kopuruaren goranzko joerari eustea, iaz Espainiako Zigor Kodeari egindako doikuntzen eraginez. Horregatik, kezka handiz ikusten dugu ildo zigortzailearen arrazoirik gabeko sakontze itzel hori, aldi berean gizarteratzeko orientabideen ahultzea dakarrelako».Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuorde Esther Larrañaga ere uste berekoa da, eta gaur egun «jende gehiegi» espetxeratzen ari dela dio: «Buruko arazo nabariak dituzten asko eta asko, edo drogak jota daudenak, eta ez dut uste kartzela tokirik onena denik horientzat, ezta?».«Legeen erreformak, mendeku gogo hutsez egina, presoak kartzelan usteltzea du, antza, azken helburua», gaineratu du Langraizko espetxeko apaiz lanetan 18 urte eman dituen Jesus Maraurik.

PSOEk abiarazitako eredua

Cesar Manzanos soziologoa bat dator irakurketarekin, baina ñabardura batzuk egin ditu. Adibidez, eredua PSOEk Espainiako Gobernuan zela abiarazitakoa dela, «PPk gerora indartutakoa». Era horretara, ereduak erreformak ekarri dituela zehaztu du: «Espetxe industria sendoa sortu nahi da, eta, horretarako, etorkinak bezalako giza talde berrien jazarpena sustatzen doa».

Nolabait, gero eta preso gehiago izatea nahita bilatutako ereduaren ondorioa dela iradoki du Manzanosek, eta, ildo beretik aritu da Deustuko Unibertsitateko irakasle Txabi Etxebarria ere: «Gobernuek diote makina bat preso daudela, kabitu ezinik dabiltzala. Hala ere, espetxera sartzen duten jende kopurua ez da zerutik emanda datorkien derrigorra, erabaki politiko jakin baten efektu zuzena baizik...».

Gorabehera handiak

Gainezka dira, dena den, Euskal Herriko kartzelak.Urrun da oso Iruñeko apaiz Antonio Azkuna lanean hasi zen garaia (1977an), Nafarroako espetxea bederatzi presorekin geratu zenean. «Etxean bezala ba ote zeuden? Pentsa, bederatzi, eta gaur egun berrehundik gora...».

Presondegiak, ordea, Langraizkoa batez ere, unean uneko politikaren biktima ohi dira: 550 preso hartzeko modua badu ere, milatik gora izan ziren 90eko hamarkadan; orain dela lau urte, berriz, dezente hustu zen, gehienbat etorkin presoak eraman baitzituzten; baina azken bolada honetan, Espainiako zentro batzuk bete direnez gero, gora egin du berriro izugarri Langraizko preso kopuruak (Euskal Herriko bost espetxeek dituzte aurreikusi baino preso gehiago).

Gero eta gehiago dira, beraz. Etxebarriak Loic Wacquant idazlea gogora ekarri du, joeraren adierazpen orokorrak emateko. «Ongizatearen gizartea deuseztatuz doan neurrian, azkeneko bagoia askatu egiten da, eta, nolabait kontrolatu behar denez eta orain arteko gizarte koltxoia baliatzerik ez dagoenez gero, epaile, poliziak eta abar erabili beharra dago ongizatearen gainean sostengatzen ez den ordenari eusteko».

-

PRESOAK





 

Erregimen irekian egondakoek delitu gutxiago egiten dituzte kalera ateratakoan







Nafarroan maiatzean espetxeei buruz egindako jardunaldi batzuetan ondorio nagusi bat atera zuten: erregimen irekian egondako presoek kalera ateratakoan delitu gutxiago egiten dituzte zigor osoa bete dutenek baino. Castellongo espetxeko kriminologo batek esan zuen, eta, Manuel Ledesma abokatuaren ustez, berebiziko garrantzia du: «PPk-eta, hain justu ere, kontrakoa arrazoitu ohi dutelako legeak indarrean ezartzeko, hots, zigorrak gogortzearen helburua gizartearen segurtasuna areagotzeadela». Gaur egun hamar presotik zortzik zigor osoa betetzen dute, baina efektu bakarra «dualizazio lazgarria» dela dio: «Dualizazioa da espetxera sartutako drogazalea buruko gaixotasunarekin ere ateratzen dela, eta buruko gaixotasunarekin doana, berriz, drogazale ere bihurtuta. Kontua da, bada, jendea sartzean baino okerrago ateratzen dela, eta, ondorioz, delituari ekiten diola berriro».

«Oraindik ez da frogatu zigorrak gogortzeak delitu kopurua gutxitzea dakarrenik», idatzi du Espainiako Botere Judizialaren Kontseiluko kide izandako Manuela Carmenak. Areago, gogora dakar 1998an egindako biltzar batean Japoniako kriminologo Ko Akalsukak erakutsi zuela harremanik ez dela espetxeratze maila handien eta delitu kopuru txikien artean, alderantziz baizik. Japoniako bertako adibidea esanguratsua da, soil-soilik kondenatutakoen %7 sartzen baitira preso; gainerakoak jokaera delitugileak zuzentzeko bide alternatiboetara bidaltzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.