Gero eta haur gehiago, gero eta lerro gutxiago euskaraz

81.178 ikaslek hasiko dute gaurtik eta hilaren 18a bitarte ikasturte berria Nafarroan

edurne elizondo
2006ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Ikasturtearen hasierak Iruñeko Patxi Larrainzar ikastetxeko gurasoak ditu protagonista, berriz ere. Gutxienez hamabi haur gelditu dira aurten Arrotxapea auzokoD ereduko eskolan ikasteko tokirik gabe. Arazoa aspaldikoa da. Laugarren lerroa zabaltzeko eskatu diote ume horien aita-amek Nafarroako Gobernuari, baina Hezkuntza Sailak erantzun argia eman du. Ez da laugarren lerrorik izanen aurten Patxi Larrainzarren. Aspaldiko arazoa, eta ez bakarrik Arrotxapekoena. Beste hainbat ikastetxetan errepikatzen da Nafarroan. Haur gehiago euskaraz, eta D ereduko lerro gutxiago.

Arrotxapeko gurasoek gauza bakarra nahi dute. Beren seme-alabek auzoan ikasteko duten eskubidea bermatzea. Gobernuak inguruko auzoetara bidaliko ditu tokirik ez duten umeak. Eskubide horren alde egin du, halaber, Sortzen-Ikasbatuaz taldeko koordinatzaile Kalen Astizek. Bere ustez, dena den, toki falta ez da D ereduko eskolek Nafarroan duten arazo bakarra. Egungo egoerak Nafarroako Gobernuko kideen asmo zehatza du atzean, bere hitzetan: D ereduari kalte egiteko asmoa alegia.

«Euskarazko lerroak murriztea da haien politika; asmo horren aldeko dinamika sortu nahi dute lerro berriak zabaltzeko aukerari atea itxiz; aurreikuspen eza nabarmena dago, baina helburu zehatz batekin», nabarmendu du Astizek. Izan ere, laugarren lerroa zabaldu zuten azken bi ikasturteotan Patxi Larrainzarren soberan ziren haurrak hartzeko. Aurten, ordea, aukera hori ez du aintzat hartu nahi izan Hezkuntzak. Ez da kasu bakarra Arrotxapekoa, gainera.

Burlatan eta Atarrabian D ereduko bi eta hiru lerro izan dituzte azken ikasturteotan. Aurten bat eta bi ezarri nahi izan zituen Nafarroako Gobernuak, eta asmo hori agertu zuen aurrematrikulazioari begira. Azkenean, izena eman zuen haur kopuru handia kontuan hartuta, bigarren eta hirugarren lerro horiek onartu egin ditu Gobernuak. «Atarrabia eta Burlata Iruñetik at dauden herriak dira; ezin ditu Gobernuak hango haurrak beste nonbaitera bidali, horregatik onartu du lerro berriak irekitzea».

Bestelako egoera dute, berriz, Iruñeko Mendillorriko gurasoek. «Orain arte euskarazko bi lerro egon dira auzo horretako Elorri ikastetxean. Aurten, berriz, bakarra. Ondorioz, bost haurrek Mendigoiti eskolara joan beharko dute». Auzo bereko ikastetxea da.

Astizek ezagutarazi du Elorriren kasuan Gobernuak ez duela ikastetxearen iritzia kontuan hartu. «Eskola Kontseilu osoak eman zuen dimisioa Gobernuaren konponbidea ez zuelako onartzen. Baina Gobernuak atzera eginarazi die». «Ikastetxeek ez dute inolako autonomiarik beren baliabideak beren proiektua aurrera ateratzeko baliatzeko», gaineratu du.

KALITATEA HELBURU.Patxi Larrainzarren bezala, zozketa bidez erabaki du Gobernuak Elorritik nork atera beharko duen. «Agian legearen araberako konponbidea da zozketa bidez erabakitzea nor dagoen soberan, baina ez da, inondik inora, bidezkoa. Hamaika arazori egin behar diote aurre D ereduaren alde diren gurasoek, eta, horrek badu eraginik, askok beste aukera eginen baitute ».

81.178 ikaslek hasiko dute gaurtik eta hilaren 18a bitarte ikasturte berria Nafarroan. D ereduari dagokionez, denek ezin izanen dute aukeratutako eskolan ikasi. Hezkuntza publikoak, hala ere, badu beste arazorik, Astizek azpimarratuduenez. «Azpiegitura eta baliabide falta nabarmena da. Gobernuari ez zaio herritarrek nahi duten hezkuntza sisteman inbertitzea interesatzen; ez du egiten. Eskola asko zaharkituta daude. Urdiaingoa eta Garraldakoa horren adibide».

Egoera horrek eredu guztietan du eragina, Sortzen-Ikasbatuaz taldeko koordinatzailearen hitzetan. «Arrotxapean, oro har, 62 haur gelditu dira nahi zuten eskolan tokirik gabe». Langileen baldintzek, halaber, eredu guztietan badute eraginik. «Behin-behineko langileak zehazteko deialdien ondorioz ohikoena da ikasturtea irakasleen erdia falta dela hastea».

Astizek argi du. «Gobernuak uste du kalitatezko hezkuntza publikoa luxu bat dela; hezkuntza, ordea, herritarren eskubidea da». Nafarroako Gobernuak, hain zuzen ere, ez du Astizek zenbatu dituen arazoak onartzen. Aurtengo ikasturtea inolako arazorik gabe hasiko dela azpimarratu du Hezkuntza Saileko kabinete buru Jose Manuel Santanak.

Argi utzi du Patxi Larrainzarren asteon hasiko den ikasturtean laugarren lerrorik ez dela izanen. «Bide horren alde egin izan dugu, behin-behinekoz. Laugarren lerrorik gabe, hala ere, Arrotxapeko haurrek ez dute arazorik izanen euskaraz beren auzoan ikasteko».

Gobernuak Alde Zaharreko San Frantzisko eskola, eta Sanduzelaiko eta Txantreako ikastetxeak eskaini dizkie aukeran Arrotxapean tokirik gabe gelditu diren gurasoei. Auzotik kanpo, beraz. «Inguruan, edozein modutan», argitu du Santanak.

ELKARRETARATZEA GAUR.Joan den astean kazetarien aurrean agertu ziren Patxi Larrainzarreko gurasoak beren arazoa salatzeko. Gaur, berriz, elkarretaratzea eginen dute Hezkuntza Sailaren aurrean, goizeko 11:00etan. Joan den astean egin zuten deialdia, eta orduan uste zuten asteon jada konpondu izanen zuela Gobernuak arazoa. Baina Santanaren hitzetan, gurasoek ez dute nahi duten laugarren lerroa lortuko. Gurasoek, beraz, egun gutxiko tartearekin erabaki beharko dute beren seme-alabek non ikasiko duten, Gobernuak eskaintzen dizkien aukeren artean.

Erabaki horrek herritarren eskubideak ez dituela urratzen argi du Hezkuntzako kideak, gainera. «Nafarroako Arartekoak berak erran du hori berriki plazaratu duen txosten batean. Legearen arabera jokatu du Gobernuak, Arartekoak onartu duenez». Santanak nabarmendu du Gobernutik at dagoen erakundea dela Arartekoaren bulegoa. «Dauden beharrak aseta daude; Iruñeko auzo berrietan ere bai; Gobernuak esku-artean du, besteak beste, Buztintxurin ikastetxea egiteko proiektua».

Patxi Larrainzarren gutxienez hamabi haur gelditu dira han ikasteko tokirik gabe

Mendillorriko ElorrinD ereduko bigarren lerroa zabaltzeari uko egin dio Gobernuak aurten

Iruñerriko ikastolek beren muga gainditu dute azken hiru urteotan

Nahi adina tokirik ez. Hori ere bada Nafarroako ikastolen arazoa. Batez ere Iruñerrikoena. Paz de Zigandak, Jasok eta San Ferminek, hain zuzen ere, beren muga gainditu dute azken hiru urteotan, eta soberan ziren ikasleak sare publikora bideratu behar izan dituzte zentro horietako arduradunek.

Asteon hasiko den ikasturteari dagokionez, hamazazpi haur gelditu dira tokirik gabe San Ferminen, beste 25 Paz de Zigandan,eta lau Jason. «Azken urteotako datuek erakutsi digute arazoa ez dela unean unekoa», azpimarratu du Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Pello Mariñelarenak.

Datu horiek aztertuz, Iruñerrian laugarren ikastola bat sortzeko asmoa mamitzen hasi da Nafarroako Ikastolen Elkartearen barruan. «Ikastetxeak gurasoek sortzen dituzte, eta elkarteak babesa ematen die», zehaztu du Mariñelarenak. Elortzibarko Ikastola izeneko elkartea osatu, eta asmo hori gauzatzeko urratsak egiten aritu da azken urteotan guraso talde bat, hain zuzen ere.

Mariñelarenak argi du dauden beharrak asetzea izan behar duela Iruñerriko ikastolen erronka nagusia datozen urteetan. «Kalitateko irakaskuntza lortu dugu; dauden beharrei erantzun egokia ematea da hurrengo urratsa».

Etxarriko eta Altsasuko ikastolek ere izanen dute aurreikusi baino ikasle gehiago aurten. «Ikasle gehiago hartzeko baimena eman digu Gobernuak, baina, ez, ordea, egoera horri aurre egiteko diru laguntzarik; ondorioz, gurasoek ahalegin berezia egin beharko dute», azaldu du Ikastolen Elkarteko zuzendariak.

Beran badakite hitzarmenik gabe zer-nolako ahalegina egin behar duten gurasoek. Ikasturte berrirako DBHko lehen bi mailentzat akordioa lortu du Labiaga ikastolak. Eremu ez euskalduneko zentroak ere legeztatzeko bidean dira.

Arazorik gabeko sartzea agindu zuten arren, hori ez da bete aurten

Pribatuan ez dira emendatu baliabideak, postuak falta dira publikoan eta Seaskak ez du hitzarmena lortu
Aitor Renteria

Baiona

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako eskola sartzea arazorik gabe gertatuko zela agindu zuen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Nahi hori, ordea, EEPren borondatean oinarritua zegoen eta errealitateak erakutsi du arazoak ez direla desagertu. Aitzineko urteekin erkatuz gero, liskar eta kalapitak baretu dira hein batean, baina hala ere, ezinegona eta arrangura euskaraz diharduten eredu guztietan agertu dira.

Euskal Haziak (hezkuntza pribatu katolikoa), Seaska eta Biga Baik (irakaskuntza publikoko gurasoen elkartea) EEPren ibilmoldea gaitzesteko prentsaurreko bateratua eskaini zuten, osatu duten Hiru Sareta egituraren izenean. Haserrean bateratzen badira ere, sare edo eredu bakoitzak bizi dituen erronka eta zailtasunak ezberdinak dira.

«Kopuruek gora egin badute ere, Frantziako Hezkuntzak ez dizkigu ematen behar ditugun baliabideak eta horrek hezkuntza elebidunaren garapena mugatu eta gelditzen du», erran du Iban Larroulet Euskal Haziak irakaskuntza katolikoa kudeatzen duen elkarteko presidenteak. Iaz bost postu erdi ireki zituzten eta aurten Frantziako Hezkuntzak postu horiek beregain hartzea onartu du, baina eskaintza emendatu gabe.

«Irakaskuntza katolikoko elizbarrutietako zuzendaritzak eskari bateratua egiten du eta gero beharren arabera banatzen dira postu horiek», azaldu du Larrrouletek. Frantziako eskualde batzuetan eskaria ahulagoa da eta baliabide horiek euskarazko hezkuntza sistema bultzatzeko erabili zuten iaz.

Euskal Haziak elkarteak bezala, Seaskak ere baztertu du oraingoz protesta ekintzetara jotzea. Kurtso bukaeran Akademia Ikuskaritzaren okupazioa eta protesta ugari antolatu zituen Seaskak. Bilkura luze eta bortitzak izan zituen Bordelen. Lau postu eskatzen zituen, baina azkenean bi baino ez zituen erdietsi. «Falta diren bi postuak beregain hartzea deliberatu zuen Seaskak eta hori egin dugu. Orain horiek finantzatzeko laguntza eskatuko dugu», azaldu du Ixabel Xarriton Seaskako lehendakariak. Baina Seaskak osoko ikuspegia eskatzen dio Frantziako Hezkuntzari, irakasle postuak zehazteko irizpideak behin-betiko finkatzeko. «Irakasleak hartzeko irizpideak finkatu nahi ditugu hitzarmen baten bidez eta heldu den astean hori aipatzeko bilkura daukagu».

Eredu publikoan sortu dira arazo handienak, urtero bezala. «Klase irekitzeak izan dira eta hori pozgarria da, baina ez dago politika bateraturik eta hartzen dituzten erabakiak ulertezinak dira usu», dio Josiane Libier Biga Bai irakaskuntza publikoko gurasoen elkarteko lehendakariak. Arazoak haurrak zenbatzeko moldetik hasten direla dio Libierrek. «Heletan (Nafarroa Beherea) adibidez, hiru urtez beherako haurrak ez ditu kontatu Akademia Ikuskariak eta horregatik eman diguten irakasle kopuruak ez gaitu asetzen, ez direlako errealak, euskara ikasi nahi duten bi urteko ikasleak baztertzen dituelako».

Bertze kasu batzuetan, Bidarrain (Nafarroa Beherea) bezala, arazoa bertze mota batekoa da. Eskolari euskarazko postu osoa onartu diote, baina euskara ematen duen irakasleak denbora erdiz egiten du lana euskaraz, bertze erdia frantsez egitera behartua delarik. Bertze irakasle batek dauka euskarazko lanpostu erdia. Irakasle horren postua osoki euskaraz aritzeko izatea eskatzen du Biga Baik. «Nola izanen da irakaslea euskara ikasteko mugarri eta erreferentea, frantsesez mintzatzera behartzen badute?». Postuen soslaiari buruzko gogoeta sakona egiteko eskatzen dio Frantziako Hezkuntzari.

Beskoitze eta Angelun (Lapurdi) ere arazoak izanen dira, Frantziako Hezkuntzak ez dituelako eman gurasoek eskatzen zituzten postuak, bi urteko haurrak kontatu gabe utzi dituztelako.

GUTXIEGI DA EEP-REN NOTA.Hiru Saretaren iritziz 18 hilabeteko jardunaren ondoren, Euskararen Erakunde Publikoak (EPP) ez du gainditu berari dagokion azterketa. Euskal Haziak, Seaska eta Biga Bai EEPk osatu duen aholku batzordean daude eta ondoko urteotarako hizkuntza politika finkatzeko aholkuak plazaratu dituzte han. Hiru Saretaren iritziz, eman dituzten iritziak ez dira kontuan hartzen. EEPk norabideen berri ematen diela azaldu dute, baina erabakiak hartu ondoren, sekula ez aitzin.«Badirudi gure presentzia haien politika bermatzeko nahi dutela soilik, gu politika horren partaide egin gabe», erran du Larrouletek. EEPren administrazio kontseiluaren erabakiei buruzko iritziak ez direla kontuan hartzen gehitu dute.

Hizkuntza politika bideratzen den bitartean, helbururik eta baliabiderik finkatu ezean, euskarazko hezkuntzaren aldeko neurri zehatzak hartzeko eskatzen diote EEPri.Ikasleei doakienez, Hiru Saretak salatzen du nehon ez dela finkatzen ikasleek erdietsi behar duten euskara maila, eta horrez gain, ikasleen maila ere ez dela neurtzen. Helbururik gabeko politika bultzatzea leporatzen diote EEPri. Errealitate hori berehala zuzentzeko eskatzea eskatzen dute.

Irakasleei dagokienez,irakasleen euskara maila hobetzeko formakuntzarik ez dagoela salatu dute. «Irakasleek euskara maila egokia ez badute, ezin da bermatu kalitatezko hezkuntza eta EEPk erraten duelarik euskara ondoko belaunaldiei transmititu behar zaiela, lilura hutsa da».

Frantses hezkuntzak helburuak, bitartekoak eta neurgailuak zehazten direla azpimarratu dute. Alta, euskararen kasuan horrelakorik ez dagoela salatu dute. Seaskak ikasleen maila neurtzeko bitartekoak ezarri ditu, baina bere aldetik, ez Frantziako Hezkuntzak edo EEPk bultzaturik. Kalitatea neurtzeko tresnak plantan ezartzeko eskatzen dute.

«Kopuruak emendatu dira baina ez digute baliabiderik emendatu eta horrek garapena gelditzen du»

Iban Larroulet
Euskal Haziak-eko lehendakaria
«Falta diren bi postuak beregain hartzea deliberatu du Seaskak eta oraindik hitzarmena egiteko dago»

Ixabel Xarriton
Seaskako lehendakaria
«Irakaslea ez da euskara ikasteko erreferentea, frantsesez mintzatzera behartzen badute»

Josiane Libier
Biga Baiko lehendakaria
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.