Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko biztanleak gero eta hobeto eta gehiago bizi dira. Horixe ondorioztatzen da Eusko Jaurlaritzak egin duen Osasun Inkestatik. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren bizi-itxaropena handitu egin da berriro. Gizonak ia 76 urte bizi dira, eta emakumeak ia 84 urte. Gainera, bizi-kalitate hobearekin bizi dira, osasun arazoak gero eta beranduago agertzen zaizkielako. Gabriel Inclan Jaurlaritzako Osasun sailburua «gustura» agertu zen Osasun Inkestako emaitzekin. «Gure osasuna munduko herri aurreratuenen parekoa da», adierazi zuen.
2002ko iraila eta abendua artean egin zuten Osasun Inkesta. Galdeketa egiteko, 5.212 etxetara deitu dute eta 14.787 pertsonekin egin dute berba. «Gure gizartearen argazki zehatza eskaintzen du Osasun Inkestak, eta guri, zertan hobetu behar dugun ere esaten digu», agertu zuen Inclanek lanaren aurkezpenean.
Bizi-itxaropena: Azken hamar urteetan nabarmen handitu da pertsonen bizi-itxaropena, gizonezkoena zein emakumezkoena. Gizonen bizi-itxaropena 75,9 urtekoa da, 1992an baino 2,6 urte gehiagokoa. Emakumeak urte gehiago bizi dira, 83,8 urte, 1992 urtean baino ia urte bi gehiago. Emakumeen bizi-itxaropena gizonena beste ez haztearen arrazoia azaldu zuen Inclanek: «Beharbada baldintza hobeetatik abiatzen direlako».
Bizi-itxaropena handitzeari baino garrantzi handiago eman zion Inclanek osasun baldintza onetan bizitzeari. Hala, 1997an baino bi urte gehiago bizi dira gizonezkoak osasun arazo barik, 67 urte arte. Emakumeek 72,2 urte bete arte ez dute osasun arazorik izaten.
Osasunaren autobalorazioa: Osasun Inkestaren barruan lehen aldiz galdetu diete herritarrei euren osasunaz duten iritziaz. «Lelokeria dela pentsatuko du batek baino gehiagok, baina pertsona batek esaten badu osasun ona daukala, ia beti horrela izaten da», azaldu zuen Inclanek. 16 urte baino gehiago dituzten herritarren %7,4k osasun txarra daukala diote. Emakumeek gizonek baino okerrago ikusten dute euren osasuna. Bestalde, baldintza sozio-ekonomikoek osasunaren autobalorazioan eragina daukatela erakutsi du inkestak: zenbat eta baldintza sozio-ekonomiko txarragoak izan, orduan eta iritzi txarragoa dauka pertsonak bere osasunari buruz.
Tabakoaren kontsumoa: 1986an Osasun Inkesta egiten hasi zirenetik, tabakoaren kontsumoak behera egin du nabarmen, batez ere gizonezkoen artean. 1986an, gizonezkoen erdiek erretzen zuten. 2002ko inkestan, %29k. Bost emakumetatik batek tabakoa erretzen duela erakutsi du inkestak (1992an %24 ziren). Emakumeen artean tabakoaren kontsumoa jaitsi den lehen aldia dela nabarmendu zuen Osasun sailburuak. «Nik dakidala, Europan ere ez da horrelakorik gertatu orain arte», esan zuen. Orokorrean, lau pertsonatatik batek tabakoa kontsumitzen du egunero Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Egia da datuak hobeak direla, baina ez dugu ahaztu behar tabakoak eragindako gaixotasunak direla heriotz arrazoi nagusia. Hobetu behar dugun zerbait da», azpimarratu zuen Inclanek.
Alkoholaren kontsumoa: Alkohol asko hartzen duten herritarren kopuruak behera egin du azken urteetan, batez ere gizonezkoek gutxiago edaten dutelako. 2002an, gizonezkoen %14k alkohol gehiegi hartzen zuten, 1992an baino %8 gutxiagok. Emakumeen %10ek edaten dute alkohol gehiegi. Gehiegi edateak osasunean eta bizitzako beste zenbait alorretan eragin kaltegarriak izaten dituela gogoratu zuen Inclanek, eta, aurreratu zuenez, herritarrek alkohol kontsumoa gutxitu dezaten ahalegina egingo du Osasun Sailak.
Ariketa fisikoa: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek 1997. urtean baino kirol gutxiago egin dutela erakutsi du Osasun Inkestak. Galdeketa egin baino 15 egun lehenago egindako ariketa fisikoa neurtzen du aldagai horrek. Inclanek azaldu zuenez, 1986. urtetik aurrera egonkortuta dago egunero ordu erdi baino gehiagoko ariketa fisikoa egiten duten pertsonen kopurua. Ia bost lagunetik batek egiten du kirola egunero, gizonek emakumeek baino gehiago.
Loditasuna: 1992 eta 1997 urteen artean, gehiegizko pisua zeukatenen kopurua handitu egin zela erakutsi zuen Osasun Inkestak. Azken bost urteetan, ordea, ia ez da aldaketarik izan gizenegi dauden herritarren batez bestekoan. Hala, hamar lagunetik bat lodiegi dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kopurua jaisteko kanpainak egingo dituela azaldu zuen Inclanek, «gehiegizko pisua daukanak gaixotasunak izateko arrisku handiagoa daukala zientifikoki frogatuta dagoelako». Bestalde, maila sozio-ekonomikoak eragina dauka loditasunean, batez ere emakumezkoetan. Hala, maila sozio-ekonomiko apalena dutenek lodi egoteko aukera gehiago dute.
Osasun zerbitzuen erabilera: Beste behin, handitu egin da osasun zerbitzuak erabiltzen dituztenen kopurua. 2002. urtean, pertsona bakoitzak 8,4 alditan erabili zituen osasun zerbitzuak. Adin guztietan hasi da osasun zerbitzuen erabilera, baina 15 urte baino gutxiago dituztenak sendagilearenera joan diren aldiak 1997an halako bi izan direla nabarmendu zuen Inclanek. Hala ere, 65 urte baino gehiago dauzkatenek erabiltzen dituzte gehien osasun zerbitzuak: urtean 14 alditan joaten dira sendagilearengana.
Prebentzio programak: Prebentzio programek «eragin handia» izan dezaketela azpimarratu zuen Osasun sailburuak. Hala, mamografien adibidea jarri zuen. Gaur egun, 50-64 urteko adin tartean dauden emakumeen %80k egiten dituzte mamografiak, maila sozio-ekonomiko guztietakoek, gainera. Osasun Sailak egindako kanpainek horretan eragina izan dutela agertu zuen Inclanek. Hori dela eta, tabakoaren, alkoholaren edo loditasunaren arloetan kanpainak egiteko asmoa daukatela azaldu zuen.
Osasun zerbitzuen balorazioa: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %91 gustura edo oso gustura daude aukeran dituzten osasun zerbitzuekin. 1992an, gehiago ziren gustura agertzen ziren emakumez- koak. Orduz geroztik, kopuruak parekatu egin dira.
Gero eta zaharrago izaten dituzte osasun arazoak EAEko herritarrek
Bizi-itxaropena handitu egin da berriro; batez beste, 84 urte bizi dira emakumeak eta 76 gizonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu