Politika

Geroa Bai eta EH Bildu, aldaketaren lau indarren arteko hautagaitza bakar baten alde

Espainiako hauteskundeak errepikatuko balira, aukera hori aztertzeko prest agertu da Ahal Dugu.

Iñaki Bernal, Anita Lujan eta Patxi Zamora, Senaturako Aldaketaren hautagaiak abenduan. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
2016ko apirilaren 18a
13:15
Entzun

Espainiako Gorteetarako abenduko hauteskundeetan Senaturako soilk aurkeztu zuten Nafarroako aldaketaren aldeko indarrek hautagaitza bakarra; Kongresurako norbera bere aldetik aurkeztu zen. Bozak ekainean errepikatuz gero, ordea, ez dute baztertzen Kongresurako ere hautagaitza bakarra aurkeztea Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Duguk, nahiz eta abenduan Kongresurako norbera bere aldetik aurkeztearen alde izan. Koldo Martinez Geroa Baiko Legebiltzarreko bozeramaileak gaur esan du abendutik aldatu egin dela egoera, eta horren inguruan hausnarketa bat egitea interesgarria litzatekeela. Aurreko ostiralean lau indarrek egin zuten lehen bilera harremanetan hasteko bilera bat izan zela argitu du.

Adolfo Araiz EH BIlduko bozeramileak esan du itxaron egin behar dela, eta oraindik PP eta PSOEren arteko koalizio handia egon litekeela dio. Hauteskundeak errepikatuz gero, abenduan zuten jarrera berriro defendatzeko moduan daudela esan du, Nafarroan aldaketaren aldeko hautagaitza bateratu bat aurkeztearen alde. Araizen gaineratu du aldaketak babes politikoa behar duela, eta prest daudela hautagaitza bateratua Kongresurako eta Senaturako aztertzeko.

Laura Perez Ahal Duguko idazkari nagusiak ere ez du oraingoz hauteskundeetan pentsatu nahi: "Azken unera arte aukera guztiak baliatu nahi ditugu", esan du Espainian oraindik ezkerreko gobernu bat osatu daitekeelako itxaropenarekin. Horregatik argudiatu du Ahal Dugun oraindik ez dutela eztabaidatu hautagaitza bateratu berri bati buruz. "Lehen egindako eztabaidak aintzat hartuz gero, Ahal Dugu moduan aurkezteko moduan gainateke, baina ezohiko eszenatoki batean gaudenez, beste gauza batzuk ere baloratu beharko genituzke", adierazi du Perezek. Eztabaida hori alderdiaren oinarriekin eta Estatuko Hiritar Kontseiluarekin egin beharko litzatekeela zeahztu du.

Abenduko bozetan Kongresurako hautagaitzarik ez zuten aurkeztu lau indarrek, eta soilik Ahal Duguk lortu zuen ordezkaritza. Ione Belarra eta Eduardo Santos aukeratu zituzten. Beste hiru diputatu hautatuak Iñigo Alli eta Carlos Salvador (UPN-PP) eta Jesus Maria Fernandez (PSN) izan ziren. Senaturako Aldaketa izenarekin elkarrekin aurkeztu arren, kanpaina norbera bere aldetik egin zuten eta lau ordezkaritatik bakarra atera zuten: Anita Lujan. Beste hiru senatariak UPN-PP koalizioak atera zituen: Jose Cruz Perez Lapazaran eta Cristina Sanz (PPren taldean integratu ziren gero) eta Francisco Javier Yanguas (UPNren izenean talde mistoan sartu zen).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.