ESPAINIAKO GORTEETARAKO bozak

Geroa Bai eta EH Bildu ez dira elkarrekin aurkeztuko ekaineko hauteskundeetara

Joan den astean, Ahal Dugu-k uko egin zion bi koalizioekin aurkezteari.

Geroa Bai eta EH Bilduko ordezkariak iaz Nafarroako gobernua osatzeko negoziazioetan eginiko bilera batean: Itziar Gomez, Adolfo Araiz, Uxue Barkos, Bakartxo Ruiz, Manu Aierdi eta Maiorga Ramirez. JESUS DIGES, EFE
2016ko maiatzaren 10a
07:32
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, estrategiak finkatzen ari dira indar politikoak. Gaur goizean batzartu dira Geroa Bai eta EH Bildu, eta, hainbat iturrik zabaldu dutenez, elkarrekin ez aurkeztea erabaki dute. Bi koalizioen asmoa zen Nafarroan Ahal Dugu-rekin batera aurkeztea, baina aukera hori baztertu egin zuen Ahal Dugu-k joan den astean.

Kongresura nahiz Senatura, nor bere aldetik aurkeztuko da. Abenduaren 20ko bozetan, Senatura elkarrekin aurkeztu ziren Nafarroako Gobernua babesten duten indarrak.

Espainiako ezkerrak "akordio historikoa" egin du ekainaren 26ko hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren arabera. Haren alderdia eta IU-UPren zuzendaritza ados jarri dira, eta orain oinarriek izango dute azken hitza, gaur bertan eta bihar egingo dituzten kontsultetan. Equo alderdi ekologista txikia ere aliantzaren parte da. Twitter bidezko bideo batean eman zuten akordioaren berri:

Espainiako Gorteetarako abenduaren 20ko hauteskundeetan, Hego Euskal Herrian lehen indarra izan zen Ahal Dugu. 397.402 boto eta zazpi diputatu eskuratu zituen Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan. 35.815 boto lortu zituen Ezker Anitzak, eta 14.489 Ezkerrak. Nagua Alba Ahal Dugu-ko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiak eta Isabel Salud Ezker Anitzako koordinatzaileak bilera egingo dute gaur.

Bestalde, Espainiako Senaturako zerrenda bateratuak osatzea proposatu dio Podemosek PSOEri. "Gehiengo aurrerakoia" osatu nahi du Podemosek Senatuan, gehiengo absolutua lortu baitzuen PPk abenduko bozetan. Berehala erantzun dio Pedro Sanchez PSOEko hautagaiak: "Ez, eskerrik asko". Sanchezek argudiatu du proiektu "autonomoa" eta Podemosenarekiko "ezberdina" duela PSOEk.

Mugimendu gutxiago izango dira eskuinean; abenduko bozetara elkarrekin aurkeztu ziren PP eta UPN, eta koalizio hori berriro osatuko dute ekaineko hauteskundeetarako. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak eta Jose Javier Esparza UPNko presidenteak 10:45ean izenpetu dute akordioa.

UPNren aldetik, ekitaldian izan dira, Esparzaz gain, Oscar Arizkuren presidenteordea, Yolanda Ibañez idazkari nagusia, Iñigo Alli bozetarako zerrendaburua eta Enrique Maia Iruñeko zinegotzia. PPren aldetik, berriz, Pablo Zalba eta Ana Beltran izan dira, Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariaz gain.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.