Gaztetxeak

Geroa Bai: "Legeak hala agintzen zuelako hustu dute gaztetxea"

Solanak adierazi du Iruñeko Udalarena zela gaztetxearen auziari irtenbidea emateko ardura. UPNk txalotu egin du Foruzaingoak esku hartu izana; EH Bilduk, aldiz, salatu egin du hitz egiteko aukera baztertu izana.

Eraikina hustu izana defendatu du Uxue Barkos presidentearen alderdiak. IDOIA ZABALETA, FOKU
joxerra senar
2018ko abuztuaren 17a
09:41
Entzun

Geroa Baik oharra plazaratu du hustu izana defendatzeko, eta argudiatu du "gizartearen ondasun bat berreskuratzeko eta legeak hala agindurik" erabaki dutela eraikina hustea. Alderdiak gogorarazi du Uxue Barkos presidentearekin "biltzeko aukera" eskaini zitzaiela gaztetxeko kideei, eta uko egin ziotela. "Gatazka edozein dela ere, irtenbidea hitz eginez lortu behar da, betiere bi aldeen borondaterik bada, eta hori ez da gertatu Rozalejo okupatzen ari zirenen kasuan". 

Eguerdian egin du agerraldia Maria Solana bozeramaileak, eta oso kritiko agertu da alderdien jarrerarekin, eta, batez ere, Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin. Solanaren esanetan, udalarena da, eta ez gobernuarena, gaztetxeko kideeei erantzuteko ardura, eta, beraz, baita bitartekaritza lana ere. "Iruñeko alkateak zuen gaztetxekoekin hitz egiteko ardura, eta ezin dugu onartu orain hura bitartekaritza lanaren atzean ezkutatzea, beneten gatazka honetako protagonistetako bat baita".

Iruñeko alkateak, berriz, gaitzetsi egin du gobernuaren jarrera. Asironek salatu du ez datorrela bat eraikina husteko erabakiarekin, ezta hori egiteko moduarekin ere, eta gaineratu du inork ez diola operazioren berri eman: "Alkate naizen aldetik, abisua eman behar zidaten". Elkarrizketaren beharra berretsi du Asironek, eta iragarri du halakoetarako eremu neutro bat sortzeko asmoa duela etorkizun hurbilean. "Honek guztiak ez du hobetzen Alde Zaharreko elkarbizitza, ezta hirikoa ere. Gaur jarrerak are urrunago daude, ez da aurrerapauso txikienik ere egin, eta zailagoa da hitz egitea", nabarmendu du.

Twitterren, Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailea Maravillas gaztetxea hustearen aurka azaldu da. Haren iritziz, ez zen irtenbidea, eta ez zen erabaki hori hartu behar. "Nafarroako Gobernuak urrezko aukera bat galdu du ikusarazteko elkarrizketa posible dela unerik zailenetan", nabarmendu du. "Hori egiteko ez dute gure babes politikoa egingo", gaineratu du, eta, labur, laukoan "gogoeta egin" behar dela azaldu du. Arnaldo Otegi ere antzera mintzatu da sare sozialetan.

Jose Javier Esparza UPNko presidenteak bestelako jarrera bat azaldu du. "Nire aitortza Foruzaingoari Rozalejo eraikina hustean esku hartzeagatik Espainiako Poliziaren laguntzaz. 11 hilabete geroago, legea bete da, eta eraikina guztiontzat berreskuratu da, berandu baino lehen", txiokatu du.

Bide beretik jo du Iruñeko Udaleko PSNren taldeak ere. Gaurko husteak "okupazio ilegal, politiko eta baztertzaile" baten bukaera ekarri duela adierazi dute eta gaineratu dute hasieratik salatu dutela "gaztetxearen erabilera alderdikoi eta baztertzailea". Nafar gobernuari "okupazio ilegalik "ez onartzeko eskatu dio PSNk eta hustutako eraikinaren erabilera "egokia, publikoa eta inklusiboa" egiteko eskatu dio.

Eduardo Santos Ahal Dugu-ko idazkari nagusiaren ustez, gaztetxea indarrek husteak "berehala" exijitzen dio Nafarroako Gobernuari proiektu serio batek ordezkatzea. "Jabegoak helburu soziala du baldin eta publikoa bada. Bestela, autoritarismo ariketa bat izango da", txiokatu du. Era berean, moduak kritikatu ditu: "Ezin da babestu indarkeria erabiltzea. Ez zen beharrezkoa, eta nahi ez diren ondorioak ditu beti. Beste bitarteko batzuk bazeuden, eta denbora bazegoen Rozalejoko gatazka kudeatzeko".

Ezkerrak ere erabakia kritikatu du. "Nafarroako Gobernuak gaztetxea indarrez hustea eragotz zezakeen", adierazi du. Hemendik aurrera euren jarrera zein izango den laburbildu du: "Elkarrizketa eta alternatibak berehala bilatzea, eta benetako akordio eraginkorrak, espazio autogestionatuak bermatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.