Urte politikoari hasiera emateko agerraldia egin dute gaur Geroa Baiko Koldo Martinezek eta Unai Hualdek, eta ezinbestean datorren maiatzeko foru hauteskundeen inguruan mintzatu dira. "PSNk ateak irekita ditu negoziatzeko. Hala esan genuen 2015ean, hala esaten dugu 2018an eta hala esaten jarraituko dugu 2019an ere".
Duela hiru urte ere sortu zen eztabaida, eta aldi hartan PSNk argi utzi zuen ez zuela EH Bildurekin gobernurik osatu nahi. Zentzu horretan, Koldo Martinezek zehaztu du ez dutela onartzen betorik. "Geroa Baik ez du nahi PSNk EH Bildu baztertzea, ezta EH BIlduk PSN baztertu nahi izatea ere".
Geroa Baiko ordezkariek, dena den, ez dute orain arte PSNko eledunen artean aldaketarik nabaritu, eta UPNren posizioetatik gertuago ikusten dute. "Beste batzuek planteatutako identitatearen batailan erori dira, eta nahiago dute UPNri jokoa egitea Nafarroan aurrerabideko gobernu bat osatzen laguntzea baino". Era berean, "kezka" agertu dute "Pedro Sanchezen gobernua erortzen ahalegintzen direnekin batu nahi duelako" Nafarroan.
Laugarren xedapen iragankorra
Espainiako Gobernuak hautetsien forua Konstituziotik kentzeko proposamena egin du, eta horren aurrean, UPNk zein PPk Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra kentzeko exijitu dute. Artikulu horrek planteatzen du Nafarroa beste euskal lurraldeekin bat egiteko aukera Parlamentuaren esku uztea eta erabaki hori erreferendum bidez berrestea.
Aukera horren inguruan bere balorazioa egin du Koldo Martinezek: "Jatorrian, lau lurraldeko Euskadi bat sortzeko aukerari galga jartzeko sortu zen xedapen hori, baina egun, Konstituzioaren baitan, askatasun erreminta bat da". Izan ere, bere ustez, xedeapen horren bitartez, nafarrei erabakitzeko ahalmena aitortzen zaie eta "Estatuko beste erkidego batek ez du halakorik". Martinezen arabera, "Nafarroa subjektu politiko gisa aitortzeko modu bat da, eta nafarrei ahotsa eta botoa emateko modu bat da". Deigarria egiten zaio UPN "Pablo Casadoren eskuin atzerakoiarekin edo Ciudadanoseko antiforalistekin" lehian izatea "ea nor den zentralistago".
Asteburuan amaitu zen Geroa Bairen primarioetan hauteskundeetarako zerrendaburu izateko hautagaitzak aurkezteko epea. Espero bezala, beste hautagairik aurkeztu ez denez, Uxue Barkos izango da lehendakarigaia eta Itziar Gomezek Udalerako zerrendako lehena izango da. "Besterik ez izateak erakusten du Nafarroan zein Iruñean legealdi honetn bilakaerarekin pozik gaudela ez soilik Geroa Baiko militanteak, baita Nafarroako eta Iruñeko herritarrak ere".