Joan den urtarrilean aurkitu zituzten Etxebarriako (Bizkaia) Zelaietaburuko gainean ordezko hortz-haginak, eta geroztik han ari dira lanean Aranzadiko kideak. Gaur omenaldi txikia egin nahi izan diete bertan hobiratutako gudariei, eta han izan dira Jaurlaritzako eledun Joseu Erkoreka, Biktima eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando, EH Bilduko parlamentari Julen Arzuaga eta Sortuko buru Arnaldo Otegi.
Errespetua, memoria eta duintasuna borrokalari antifaxistei (Zelietaburu) @etxebarria1936pic.twitter.com/T4Y6n4Hjsc
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) 5 de marzo de 2016
"Justizia egongo bada, egia eta memoria berreskuratu behar ditugu", nabarmendu du Erkorekak. "Hemen duela 80 urte gertatutakoa argitu dugu, hainbat urtez memoria baztertu eta egia ofiziala inposatu ostean".
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak, bestalde, nabarmendu du pertsonak ez ezik "bizipenak eta militantzia eta konpromiso politikoa ulertzeko modu bat" ere atera dutela hobitik, eta ohartarazi du ezin dela hori guztia iraganean utzi: "Hemen aurkitu duguna gure etorkizunaren oinarria izan dadin nahi dugu".
Zelaietaburun San Migel alderako lepoa errepublikanoek erabili zutela dio Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak, eta "faxistek okupatu zutenean", Etxebarria aldeko lepoa erabili zutela lubakiak egin eta postu gisara. Hainbat lekukotasun ditu elkarteak, historia osatu eta lotzeko.