Askatasunak, Batasunak, ABk, ELBk, Anai Arteak eta Sokoako lankideek Espainiako eta Frantziako estatuen "gerra zikina gelditzeko" eskatzeko manifestazio nazionala antolatu dute irailaren 19rako, gaur Baionan iragarri duenez. Donibane Lohizunen (Lapurdi) izango da ekimena, 17:00etatik aurrera.
"Gerra zikina berriz ere abiatua da, beldurra ematen diguten gertakariak biderkatzen ari direlako; Alain Berastegiren azken kasua bezala", esan dute gaur. Berastegik atzo salatu zuen aurreko astean zazpi orduz bahituta eduki zutela, ustez poliziek. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Juan Mari Mujikaren, Lander Fernandezen edota Jon Anzaren kasuak ere gogoratu ditu egunotan.
"Bide demokratikoei atxikiak" diren eragileei eta herritarrei eskatu diete azal daitezela Donibane Lohizuneko manifestaziora.
Uztailaren 30ean eta 31n ere mobilizazioak
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Jon Anza militantea (Donostia, 47 urte) desagertua non den galdetzeko mobilizazioak antolatu ditu datorren asterako. Espainiako eta Frantziako estatuen jokabidea salatuko dute.
Uztailak 30 (osteguna)
- Gasteizen, 20:00etan Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean.
- Donostian, 19:00etan Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean.
- Bilbon, 19:30ean Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean.
Uztailak 31 (ostirala)
- Iruñean, 19:00etan Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean.
Joan den apirilaren 18tik dago desagertuta Anza Ahetzeko bizilaguna (Lapurdi). Egun hartan neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk duela aste batzuk jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, apirilaren 18 hartan hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu.
1982tik 2002ra artean preso egon zen Anza, ETAko kidea zela leporatuta. Azkeneko urtean buruko gaixotasun bat du, eta ikusteko arazo handiak dauzka.
politika
"Gerra zikina gelditzeko" eskatzeko manifestazio nazionala egingo dute irailaren 19an, Donibane Lohizunen
Askatasunak, Batasunak, ABk, ELBk, Anai Arteak eta Sokoako lankideek deitu dute ekimena. "Gerra zikina berriz ere abiatua da, beldurra ematen diguten gertakariak biderkatzen ari direlako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu