jon anza auzia

"Gerra zikina izan da"

Euskal militante zenaren senideek, abokatuek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Non da Jon? kolektiboak eta beste hainbat eragilek diote Espainiako polizia indarrek "bahitu, torturatu eta hil" egin zutela. Asteleheneko autopsian familiaren konfiantzako medikua egoteko eskatu dute; bestela, gorpuaren azterketa "oztopatzen" saiatuko dira -Mureteko ordainlekuan biltzeko hitzordua jarri dute etziko 7:30erako-. Eutsi egin diote apirilaren 17ko manifestazioari.

2010eko martxoaren 13a
19:00
Entzun
Jon Anza zenaren senideek, abokatuek, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Non da Jon? kolektiboak eta beste hainbat eragilek garbi dute haren heriotza "gerra zikinaren ekintza" izan dela, eta Espainiako polizia indarrak dira, haien ustez, hilketa eragin dutenak. "Jon bahitu, torturatu eta hil egin zuten", esan du Jon Enparantza abokatuak haien denen izenean. Baionan egin dute agerraldia gaur goizean, eta hainbat hedabide bildu da.

"Jonen senideek, ingurukoek eta ezker abertzalekoek genuen hipotesia baieztatu egin da", adierazi du Enparantzak. Nicolas Sarkozy Frantziako gobernuburua eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiakoa jo dituzte erantzule politikotzat. "Gorpua, gainera, ezkutatuta izan dute eta politikoki erabili egin dute".

Astelehenean egingo diote gorpuari Tolosan (Okzitania) autopsia. Polizia Judizialeko ordezkari batek eta sendagile independente batek ukanen dute autopsiaren ardura, baina familiak konfiantzako medikua eskatu du gaur ere, legezkoa delakoan. Gaur Baionan bildu direnek jakinarazi dute mediku horri gorpuaren azterketan egoteko baimena ez badiote ematen, "autopsia oztopatzen" saiatuko direla. Hala, astelehenean 7:30erako Muret-eko autobideko ordainlekura azaltzeko dei egin diete herritarrei, handik autopsiaren lekura joateko -Tolosatik ordu erdira dago Mureteko ordainlekua-. Baionan 4:30ean jarri dute hitzordua, San Andres plazan. Konfiantzako medikua gabe autopsiako emaitzak ez dituzte ontzat joko, gaur agertu dutenez.

11 eguneko hutsunea

Ia urtebete desagertuta egon ondotik -iazko apirilaren 18an ikusi zuten azkeneko aldiz-, ofizialki herenegun jakin zen Jon Anza (Donostia, 47 urte) preso ohiaren gorpua Tolosako Purpan erietxeko gorputegian dagoela. Berri ofizialen arabera, apirilaren 29an Tolosako Estrasburgoko Etorbidean aurkitu zuen bizilagun batek hura, konortea galduta. Larrialdi zerbitzuek artatu eta Purpan ospitalera eraman zuten, baina ez zuen konortea gehiago berreskuratu. Maiatzaren 11n hil zen erietxean, bihotzekoak jota.

Anza nortasun agirik gabe atzeman zuten apirilaren 29an. Patrikan bi tren txartel zituen: Baiona-Tolosarako joan-jina -lehena, apirilaren 18rako, eta bigarrena, 20rako-. Inork ez du esan zer gertatu zen apirilaren 18tik 29ra artean.

ETAk iazko maiatzean jakinarazi zuen bere militantea zela Anza, apirilaren 18 hartan hitzordua zeukatela Tolosan, baina preso ohia ez zela azaldu. 1982tik 2002ra artean preso egon zen donostiarra, ETAko kidea zela leporatuta. Duela bi urte buruan tumorea sortu zitzaion.

Atzo Anne Kayannakis Baionako prokuradoreak zioen kasua guztiz argitu nahi duela.

Eutsi egin diote apirilaren 17ko manifestazioari

Non da Jon? plataformak duela pare bat aste apirilaren 17rako deitutako manifestazioari eustea erabaki du, "kasua argitu arte" mobilizazioak egiten jarraituko dutela esan baitu. Donibane Lohizunen (Lapurdi) egingo dute protesta; 17:00etan hasiko da, Luis XIV.a plazatik. Ekimena iragarri zutenean galdera Non da Jon? baldin bazen, oraingorako bestelako itaunak dituztela adierazi dute: Non atxiki zuten Jon?, Nork bahitu zuen?...

Anza desagertu zenean Michelle Alliot Marie Donibane Lohizuneko herritarra zen Frantziako Gobernuko Barne ministroa eta orain, gorpua azaldu denean, Justizia ministroa da. Datu horiek azpimarratu dituzte gaur Baionako agerraldian, eta "egia osoa" azaltzeko galdegin diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.