Donostia erre eta suntsitu zutela bi mende igaro dira, eta hori gogoratzeko hainbat ekitaldi egiten ari dira hirian. Ostegunean Europako sei hiritako ordezkariak elkartuko dira Donostiako Kursaalean, denak suntsituak izan ziren Europan izandako hainbat gerratan. Dresdengo (Alemania), Gernika-Lumoko (Bizkaia), Granollerseko (Katalunia), Sarajevoko (Bosnia eta Herzegovina), Wroclawko (Polonia) eta Milango (Italia) ordezkariek parte hartuko dute topaketan.
"Hiri bat kaleak eta eraikinak baino gehiago da; pertsonek osatzen dute hiria, eta haiek dira suntsitutako hiria egunez egun berreraikitzen laguntzen dutenak", esan du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak topaketen aurkezpenean.
Poloniako Wroclaw hiria Donostiarekin batera Europako Kultur hiriburu izango da 2016an; horregatik, leku berezia izango du topaketetan. II. Mundu Gerran Errusiako tropek hiria nola suntsitu zuten kontatuko dute hiriko ordezkariek.