Radio Euskadin egin diote elkarrizketa Gerry Adams Sinn Feineko buruzagiari. Joan den asteazkenean ETAk egindako su-eten iragarpenaren inguruan hitz egin dute eta besteak beste agirian erabilitako hizkuntzak sortu duen eztabaidaz aritu dira solasean. Buruzagi errepublikarraren ustez ETAren agiria "oso argia eta eztabaidaezina" da. "Iraunkorrak esan nahi duena esan nahi du. Ez dut semantikan sartu nahi". Gerry Adamsen iritziko "hitz-jokoak" albo batera utzi behar dira.
Erabakiak hartzea ez da erraza
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari gutun bat bidali diola azaldu du Adamsek elkarrizketan.Baliatu beharra dagoen unea dela esan dio Zapaterori gutun horretan. "Errespetu osoz esan diot aprobetxatu beharreko une historikoa dela". Hala ere, Adamsen aburuz Espainiako Gobernuarentzat eta ETArentzat "ez da erraza erabakiak hartzea". Baina Zapaterok neurriak hartu behar dituela uste du, besteak beste, "Batasunaren eta Arnaldo Otegiren aurkako epaiketa politikoak bertan behera uzteko".
Adamsek azpimarratu duenez, "biktimentzat zaila bada ere, justizian oinarritutako bakea lortzea garrantzitsua da.
Alec Reid apaiz katolikoari elkarrizketa
Alec Reid Iralandako apaiz katolikoari ere egin diote elkarrizketa Radio Euskadin. Reiden ustez, "iraunkor" hitza oso "indartsua" da. Apaiz katolikoak azaldu duenez, IRA Irlandar Armada Errepublikanoak ez zuen hitz hori erabili nahi izan "amore ematen ari zirela iradoki zezakeelako". Horregatik "su-eten osoa" erabili zuen IRAk. Reid ziur dago ETAren agiriak "indar fisikoaren politikari amaiera eman diola".
Hedabideak ETAk etorkizunean zer egin nahi duen iragarri nahian dabiltzala kritikatu du apaiz katolikoak. Bere ustez, Euskal Herrian "giza eskubideak urratzen dira" eta horri aurre egin ezean "gatazkak hainbat belaunalditan iraungo du". Reidek baieztatu duenez, "ETA Francoren eskutik euskaldunek bizitako giza eskubideen urraketari emandako erantzuna izan zen".
Su-etena
Gerry Adams: "ETAren iragarpena erabaki ausarta eta adoretsua izan da"
ETAren su-eten iragarpenak ez du ezustean harrapatu Gerry Adams Sinn Feineko buruzagia. Izan ere, Euskal Herriko egoeraren berri bazuela azaldu du gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Adamsen ustez, ETAren su-eten iragarpena erabaki "ausarta eta adoretsua izan da". Iragarpenarekin "pozik" agertu den arren ohartarazi du "Espainiako eta Frantziko Gobernuek aprobetxatu behar duten" aukera dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu