Sorturi buruzko auzi saioa egingo du Auzitegi Gorenak. Alde batetik, déjá vu moduko bat izango da. Beste batzuetan antzeztutako gidoia errepikatuko da: Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren informazio zerbitzuek idatzitako txostenen gainean eraikitako inpugnazioak eta Sorturen alegazioak aurrez aurre. Polizia txostenen aldetik berririk ez, ohiko eredua, ohiko tesiak, ohiko harilketa, ohiko usteak, ohiko inferentziak eta ohiko ondorioa: «Dena ETAren estrategiaren araberakoa da». Ezaguna da jokamoldea, agerian gelditu baita azkenaldian Egunkaria-ren eta Udalbiltzaren auzietako epaietan ere. Dena interpretatzen dute ondorio-tesi horren arabera, horretarako gertaerak ezkutatu egin behar badituzte ere. Izan ere, halaxe jokatu baitute, adibidez, Mugarri txostenarekin. Txosten horren inguruko edukiek eta tirabirek tesi nagusia auzitan jartzen zutela oharturik, Guardia Zibilaren txostengileek ezabatu egin dute horren aipamena Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren esku utzitako txostenetan, lehen zirriborroan zeharkako aipamen kontraesankor bat sartu bazuten ere.
Kezkagarria da Fiskaltzak eta agintari politikoek polizia zerbitzuen horrelako txostenekin duten menpekotasuna; Sorturen kasuan, ez legeztatzeko bidea markatu nahi duten tesi interesatu horiekikoa. Baina irudi luke Espainiako Gobernuko agintari politikoek ez dutela fede handirik polizia txosten horietan, eta ez dietela balio handirik aitortzen Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak argudiatutako zantzuei. Zeren eta ez legeztatzeko jarrera indartzeko asmoz baldintza gehiago jarri beharra izan baitute mahai gainean; ETAren desagerpena, kasu. Baina, jarrera hori funtsik gabekoa dela antzemateko, nahikoa da ohartzea Patxi Lopez lehendakariak ere auzitan jarri duela. Izan ere, PSE-EEk argi ikusi du ezker abertzalearen apustua irmoa dela eta egoera berrirako prestatzen eta egokitzen hasi beharra duela, Sorturen legeztatzearekin gertatzen dena gerta.
Auzitegi Gorenak konstituzionaltasunaren ustekizunaren bidetik Sorturen ekimena legezko joko balu, dudarik gabe, erabakiak asko lagunduko luke bakea eta konponbide politikoa nagusitzera bideratutako prozesua egonkortze aldera. Urratsak azkartzeko ere balioko luke. Baina Auzitegi Gorenak Sortu legeztatzeari uko egingo balio, ez luke indargabetuko egoera berria. Parametro politikoak dagoeneko aldatuta daude. Euskal Herrian, beto horren kontrako jarrerek eta erreakzioek jite berria hartuko lukete. PSEk Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta PPren presioz alboratu duen ekimena eta EAJk aurkeztu duena iragartzen ari dira atzera egin ezina den egoera.
Udal eta foru hauteskunde prozesua segidan dator, eta Sortu legezkoa izan edo ez, baldintza hobeetan edo kaskarragoetan, fase berriak aurrera egingo du eta ezin izango da gelditu. Asko dago jokoan datozen hauteskundeetan, eta horregatik ez da unea kargu kopuru jakin bat bermatzeari lehentasuna emateko. Egiguren kexu da bakerako aukera hau ikusirik Espainian nagusi den arduragabekeriagatik. Ikusteko dago Euskal Herrian ere ez ote den antzekorik gertatzen.
Ikusterrean
Gertatzen dena gerta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu