Gaur eguerdian itzuli ahal izan dira etxera, 320 egunez kanpoan egon ostean. Iaz, maiatzaren 5ean, Menditxo etxe ondoko labarra erori egin zen, eta, arriskua saihesteko, euren etxea utzi behar izan zuten hango bizilagunek. Labarra egonkortzeko lanak amaituta, itzultzeko moduan dira.
Urola Kostako Hitza-ri gustura daudela esan diote bizilagunek. “Ia 11 hilabete dira etxetik irten ginela, eta oso pozik gaude”, adierazi du Rafa Etxeberria bizilagunak. Iribarrena kaleko 9 eta 11 ateetako hamabi familietatik zenbait lehenbailehen hasiko dira lekualdatzen, baina besteek lasai hartuko dutela adierazi dute, oraindik ere labarra egonkortzeko lanen erdiak egitea falta baita.