Getxoko kai berrirako 13,8 milioi euro jarriko dituzte

Kai berria egingo dute Algortako kontradikeari lotuta, itsas bidaia luzeak egiten dituzten itsasontziak hartzeko

Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Itsas bidaia luzeak egiten dituzten ontzientzako kai berria eraikiko dute Getxon (Bizkaia); horretarako, 13,8 milioi euroko aurrekontua onartu zuen atzo Bilboko Portu Agintaritzak. Sociedad Anonima Trabajos y Obras enpresari eman dizkiote lanak, eta espero dute 2012ko urrirako bukatuko dituztela. Algortako kontradikeari lotuta eraikiko dute kaia, orain itsas bidaietarako ontziak hartzen dituen terminalaren ondoan. Guztira, lurrean, 27.400 metro koadroko azalera hartuko du kai berriak; 76 metro zabal izango ditu, eta 335 metroko luzera edukiko du ontziak atrakatzeko eremuak.

Bilboko Portu Agintaritzak finantzatuko ditu lanak. Obra beharrezkoa dela azaldu du: «Euskadi gero eta erakargarriagoa da turismo aldetik». Bestalde, munduan itsas bidaien merkatuak ere gora egin duela azaldu du portu agintaritzak. «Itsasontzi enpresek Bilboren aldeko apustua egin dute, hala Atlantikoko ibilbideetan geldialdia egiteko aukera moduan, nola itsas bidaien hasiera edo bukaera puntu moduan».

2006an hasi zen lanean Getxoko itsas bidaien portua. 22 ontzi hartu zituen urte hartan. Iaz, nabarmen gora egin zuen itsasontzi kopuruak: 53 kairatu ziren Getxon. Aurtengo ere beste 56 espero dituzte. Iaz, arazoak ere sortu ziren: hiru ontzi batera egokitu ziren, eta haietako batek Zierbenan utzi behar izan zituen bidaiariak, Getxon hirurentzako lekurik ez zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.